'Un día Cisne en el Teatro' lana aurkeztu dabe
2020-11-24 12:13 KultureaAzkuna Zentroak eta Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak Iker Gómez koreografoaren proiektu eszeniko barria babesten dabe.
Jantzearen bitartez gizarte-balioak eta bizikidetzea sustatzen dituan pieza da hau. Obrea Cisne proiektuaren barruan dago; teknologia barriak publiko-komunidadeakaz konektetako tresna pedagogiko lez erabilten dituan lan barritzailea da. Azkuna Zentroko arte eszenikoen denporaldiaren barruan kokatuta dago.
Nowhere Theater | Cía. de Danza Iker Gómez konpainiak jorratu dau proiektua, irakasle espezializadu-talde baten lanagaz batera, eta hiru zati ditu: eskola-komunidadeari zuzendutako jantza- eta sormen-tailerra, Juan Antonio Zunzunegui BHI eta Txurdinaga Behekoa BHI ikastetxeatan goizez egingo dana; koreografia-erakusketea, Azkuna Zentroko Auditorioan egongo dana, eta Web 2.0ren bidez online tresna pedagogiko bat aurkeztea, jantzea ikustarazoteko eta ikusle danari hurreratzeko helburua daukana.
Un día Cisne en el Teatro, ganera, hiru fasetan banatutako tailer-ikuskizun formatuan garatuko da, ikusleen komunidade ezbardinek modu aktiboan parte hartuaz: Alde batetik, proiektuaren 2.0 webgunea, jantzearen inguruko edukinak eta joku interaktiboak eskuratzeko aukerea emoten dauana. Bestetik, mobimenduaren praktikea eta memoria koreografikoa, jantzearen bidez sormena garatzeko abiapuntu lez; atal honetan, artisteak koreografia zehatz bat ikastera gonbidatzen ditu parte-hartzaileak, memoria koreografikoaren kontzeptua lantzeko sarrera gisa. Eta, azkenik, hirugarrena, Un día Cisne en el Teatro antzezlana agertokian erakustera zentratua, entzuleen, piezako interpreteen eta koreografoaren arteko berbaldiagaz batera. Proiektuaren azken txatal hau zemendiaren 26an (eguena) emongo da, 19:00etan, Azkuna Zentroko auditorioan. Sarrerak zentroaren webgunean dagoz salgai.
Nowhere Theater | Cía. de Danza Iker Gómez konpainia Iker Gómez euskal koreografoak 2007an eratu eban; sorreratik, taldeak iraupen luzeko sei lan eszeniko egin ditu guztira. Produkzino horreetako hiru Antzerki Alternatiboen RED Sareko Jantza Zirkuitu Nazionalerako hautatu izan ditue, eta, horreri esker, konpainiaren beharra egungo panorama eszenikoko inportanteenetako bat da. Konpainiak hainbat jaialdi esanguratsutan hartu dau parte: Temporada Alta, BAD jaialdia, MOV-s jaialdia, LOLA jaialdia eta EN-tránsito jaialdia... Orain dala bost urtetik, konpainiaren lan-ardatza jantzea bistarazoteko eta jantzara hurreratzeko proiektuak sortzea da, eta jantzearen bidez sor daitekeen ezagutza izugarria zabaltzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!