‘Arte, Literatura y Feminismos. Lenguajes plásticos y escritura en Euskal Herria’ liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2020-11-24 08:47   Kulturea

Zer espero da emakumeek sortutako obretatik?

Euskal emakumeak sortzaile lez historian izan dauen ikusezintasuna eta zirkuitu profesionalean izan dauen txertatze motela egiaztatzen ditu argitalpenak.

Susana Jodra Llorente eta Amelia Benito del Valle Eskauriaza UPV/EHUko irakasleak eta Zaloa Ipiña Bidaurrazaga artista bisualak Arte, Literatura y Feminismos. Lenguajes plásticos y escritura en Euskal Herria lana aurkeztu dabe.

Arte plastiko eta literaturearen esparrutik sortutako Arte, Literatura y Feminismos. Lenguajes plásticos y escritura en Euskal Herria liburuan helburu bi planteau dira: Euskal Herrian ikuspegi kultural eta sozial batetik sorkuntzearen arloan izan dan aldaketea erakustea. Eta, bigarren helburua da Euskal Herriko artista plastiko eta idazleen produkzinoaren zabaltasuna eta aniztasuna nabarmentzea, hainbat adibideren bidez.

Lengoaia plastiko eta literarioek beren adierazpenetan izan daben bilakaerearen bidez, euskal emakumeak sortzaile lez historian izan dauen ikusezintasuna egiaztatu ahal izan da, bai eta zirkuitu profesionalean zein sozialean izan dauen txertatze eta aintzatespen txikia be, azaldu dau Amelia Benito del Valle Eskauriazak, UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultadeko irakasle eta ikertzaileak eta liburuaren editore eta kapitulu baten egileak.


Emakumeei zuzendutako lanak?

Honako galderearii erantzun deutso lanak: zer espero da emakumeek sortutako obretatik? Gaur egun, emakumeek sortutako lanak emakumeei zuzenduta dagozalako eta, ondorioz, eurentzako baino ez diralako idea oso zabalduta dago gizartean. Gai intimoei buruz idaztea, norberaren gorputza erabiltea lanerako objektu edo tresna legez, etxea eta bere tresnak, amatasuna, maitasuna edo afektuak, historian emakumeari, emakumeei eta emakumeei jagokezala ulertu da, adierazo dau Susana Jodra Llorentek.

Alabaina, argitalpenak azpimarratzen dau azken hamarkadetako lengoaien aniztasunak indartu egin dauela emakumeen ikusgarritasuna, bai artean, bai literaturan be. 'Aitatutako lengoaia plastiko eta literarioek, edozein euskarritan (bideoa, argazkia, pinturea, grabatua, performancea, bertsolaritzea, eskulturea, poesia), askotariko gaien ikuspegi eta interpretazinoak aurkezten ditue eta horrek genero-bardintasunerako bidea ezartzen laguntzen deusku', adierazo dau Susana Jodra Llorente UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko artista, irakasle eta ikertzaileak eta liburuaren kapituluetako baten editore eta egileak.


Liburuaren jatorria

Liburu hau Bilboko Hezkuntza Fakultadean arteari, literatureari eta feminismoei buruz atondutako jardunaldiak (2018) eta ondoren Bizkaia Aretoan egindako udako ikastaroa Arte literatura eta feminismoak. Hizkuntza-plastikoen eta hizkuntza-idatzien aniztasuna (2019) ardatz hartuta sortu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu