'Arrateko itsua' Zuloagaren gaztetako koadroa Eibarren lehenengo aldiz

Bizkaie! 2020-11-24 08:16   Kulturea

San Andres parrokiak ateak zabalik izango ditu abenduaren 1etik 20ra, 17:00etatik 18:00etara.

Arrateko itsua. © Zuloaga Fundazinoa, Zumaia. | Ikusi handiago | Argazki originala

San Andres egunean, zemendiaren 30ean, Eibarko parrokian Arrateko itsua margolana ikusteko aukerea izango da. Arte-liburuek aitatzen dabe baina orain arte sekula ez da jentaurrean jarri bide malkartsua egin dauen Zuloagaren gaztetako koadroa.

Hermés aldizkariak, 1917ko abuztuko alean, Pedro Mourlane Michelenaren Familia artikulua dakar eta bertan Juan Jacobo Curtis bidaiari ingelesak Widness Edinburgoko aldizkarian kaleratutako artikuluaren barri emoten dau. Curtis 1888an etorri zan Eibarrera eta Placido Zuloagaren museoa ikusten joan zan. Bien arteko alkarrizketea jasoten dau artikuluan; Curtisek Zuloagari semeak pintetan dauen galdetzen deutsonean, hauxe erantzun eutson damaskinatzaile handiak: Ha pintado a un ciego que hay en Arrate. Es un ciego de apostura bíblica que puede ser bien pintado, un Job en el estercolero. Iñacito le ha interpretado muy bien. El poeta Vicente Arana, de Bilbao, ha dicho que en ese cuadro, más que un ciego, se ve la Alegoría doliente de la ceguera. El muchacho andará por su pie.

Parisen Txileko konsula zanak erosi ei eban margolana orain dala urte asko eta koadroa tubo batean egon da batuta mendi erdiz baino denpora gehiagoan konsularen oinordekoen etxean, harik eta tuboa zabaldu eta barruan egozan agirietan Zuloagaren Arrateko itsua zala jakin eben arte. Zuloaga Fundazinoak erosi eban Chicagon, enkante-etxe batean orain urtebete. Orain, Eibarren, lehenengo aldiz erakutsiko da 1,85 x 1,35 metroko neurria dauen lana.

San Andres egunean, zemendiaren 30ean, Eibarko parrokian lehenengo aldiz ikusi ahal izango da koadroa. Abenduaren 1etik 20rako bisita gidatuak aldez aurretik hitzordua eskatuta egingo dira, 943708423 telefonora deituz (Ego Ibarra) edo posta elektronikoz (egoibarra2@gmail.com).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu