Zemendiaren 26an aurkeztuko da Durangoko Azokearen egitarau osoa

Bizkaie! 2020-11-20 13:10   Kulturea

Durangoko Azokea Euskal Herri osora zabalduko da edizino honetan, Zu non, han DA! egitasmoaren bidez. 

Gerediagako lehendakari Nerea Mujikak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak aurkeztu dabe ekimen barri hau, Donostiako Dabadaba aretoan egindako prentsaurrekoan.

Osasun-alarmeak ezarritako aforo eta mobikortasun-murrizketak kontuan hartuta, Durangoko Azokeak erabagi dau Zu non, han DA! proiektu barri hau antolatzea, online dendea eta Durangon bertan egongo diran jarduerez gan. Ekimen honen helburua Azokea kulturzaleei hurreratzea da, aurten kulturzale guztiek ezin izango dabelako Durangora urteroko bisitea egin.

Egitasmo barri honek ardatz nagusi bi izango ditu: Plazea eta Dendea. Lehenengoa, musika eta zuzenekoakaz lotuta egongo da. Durangoko Azokeak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan: Amurrion (Burubio), Gasteizen (Jimmy Jazz), Bermeon (Kafe Antzokia), Bilbon (Euskalduna), Ondarroan (Beikozini), Azpeitian (Sanagustin eta Soreasu), Donostian (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabian (Totem). Ipar Euskal Herrian ez da aukerarik egon zuzenekorik antolatzeko, osasun-egoereak ezarritako arauen eraginez.

Kontzertuak abenduaren 5etik 8ra artean izango dira eta herri bakotxean egun biko egitaraua egongo da. Danetara, 32 taldek parte hartuko dabe: batzuk ibilbide luzeko bandak eta beste batzuk, ostera, lehenengo diskoa atara dabenak. Estilo aldetik be, aniztasun handia egongo da taldeen artean: Gatibu, Zea Mays, Nøgen, Dupla, Sua, Brigade Loco, Amorante, Raitx, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak, Joseba Irazoki...

Kontzertuetako sarrerak bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira Durangoko Azokearen webgunean, 11:00etatik aurrera. Ticketen prezioa 8 eta 15 euro bitartekoa izango da, eta unean-uneko osasun-arauak errespetetea beharrezkoa izango da.

Bigarren ardatza, barriz, Durangoko Azokea amaitzerakoan helduko da, hau da, abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra artean. Zu non, han DA! ekimen honen barruan, Euskal Herriko hainbat liburudendatan Azokako produktuak egongo dira salgai, modu presentzialean. Azokako online dendea abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina Azokearen eragina gabonetarako erosketetara be zabaldu gura dogu; horretarako, liburudendetan emongo deutsagu jarraipena online dendeari, azaldu dau Zupiriak. Izena emoteko epea edegita dago liburudendentzat, webgunean.

Horrezaz gan, Azokeak Durangoko egitarauari eutsiko deutso, abenduaren 4tik 8ra artean. Landako gunean eta Plateruenan hamaikatxu jarduera egongo dira: kontzertuak, berbaldiak, ikus-entzunezkoak, umeentzako jarduerak, proiekzinoak... Zemendiaren 26an aurkeztuko da Durangoko egitarau osoa eta aurtengo gainontzeko nobedadeak.

Nerea Mujikak gogorarazo dauanez, gaur egun indarrean dagozan mobikortasun-ezarpenen eraginez, Durangoko eta mugakide diran herrietako biztanleak baino ez dira joango modu presentzialean eta egoera horri aurre egiteko Durangoko Azokea bera joango da euskal herrietara: zu non, han DA!. Hori da, hain zuzen be, egitasmo honen helmuga nagusia: Azokako egitaraua eta dendea kulturzaleei hurreratzea, online formatuan eta baimenduta dagoan maila presentzialean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu