IV. 'Sortzearen Abenturea' martxan

Bizkaie! 2020-11-19 13:47   Kulturea

Zikloren helburua uriko DBHko 3. eta 4. mailako ikasleen espiritu ekintzailea sustatzea da.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-soziedadearen bidez, Sortzearen Abenturea programearen laugarren edizinoari hasierea emon deutso. COVID-19aren pandemiak sortutako egoerea tarteko, eta ikastetxe gehiagoren parte hartzea nahiz ordutegi-malgutasuna errezteko, ekimena formatu digitalera egokitu dabe. Halanda be, halan eskatzen daben ikastetxeek aurrez aurre parte hartu ahal izango dabe, hau da, formatu presentzialean.

Bost saiotan zehar, ikasleek ekimenerako eta espiritu ekintzailerako oinarrizko zeharkako gaitasunak jorratuko ditue, norberaren esperientzia praktikoaren bidez. Programa honek kontzeptu zein balio franko barreneratzen lagunduko deutse, besteak beste, sormena, talde-lana, IKTen erabilera egokia, GJHekiko sensibilizazinoa, komunikazinoa, ingurune erreal baten inpliketea, garapen personala, autoezagutzea eta sormen-gaitasuna.

Ikasleek taldean behar egingo dabe, proiektu errealak garatuaz; garapen horren baitan, TBL (Thinking Based Learning) metodologiaren bidez — Design Thinking izeneko arazoen ebazpen sortzailearen eta Mondragon Team Academy dalako metodologiaren arteko hibridazino bat da—, talde ekintzaileen garapenean eta hareen bilakaerearen neurketean oinarri hartuta.

Formatu digitala

Gaur egun, COVID-19a dala-ta, Bilboko Udalak gazteriaren prestakuntzeaganako eta espiritu ekintzailearen sensibilizazinoaganako daukan konpromisoari eutsiaz, programea bere osotasunean formatu digitalera egokitzen jarraitzen dabe. Egokitzapen horrek gaitasun digitalak eta zeharkako gaitasunak, talde multilokalizaduentzako lan-metodologiak eta etorkizuneko azken joerak garatzeko aukerea emongo deutse ikasleei.

Interesatuta dagozan ikastetxeek 2020-2021 ikasturte honetan Sortzearen Abenturea programearen laugarren edizinoan parte hartzeko aukerea daukie oraindino; horretarako, Big Bilbao Ekintzailetzako Udal Zentroagaz kontaktau leikie, big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren edo 94 420 53 60 telefonoaren bidez.

Sortzearen Abenturea programearen bidez, Bilboko Udalak ikastetxeek ekintzailetza sustatzeko programetan parte hartzea sustatu gura dau, uriko garapen ekonomikoan inplikauriko eragile lez integratuaz.

Aurreko edizinoetan, guztira, 9 ikastetxek eta 747 ikaslek hartu eben parte programean, besteak beste, Botikazar BHI, Nuestra Señora del Carmen, Eskurtze BHI, La Salle, Artxandape Ikastola, Harrobia, Eskolapioak, Artxandako Trueba eta Deustuko Salesianoek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu