Ahots Baten: Bi egunetan aurten
2020-11-19 08:26 KultureaAzpeitiko Dinamoa sormen gunean izango da, abenduaren 28an eta 29an.
Lauzpabost eguneko egonaldia izaten dana bikoa izango da aurten. Gabonetako oporraldian egiten da Ahots Baten sormen egonaldia, 2015ean lehenengoa egin zanetik; aurten, ostera, egonaldia egiteko baldintzarik ez dagoanez, saio bitan egingo da.
Antzerkia, bertsolaritzea, kantagintzea eta kontalaritzea edota literaturea: kultur diziplina horreekaz esperimentetako gunea da Ahots Baten. Urtean zehar diziplina horreetan dabizen 1998 eta 2005 urteen artean jaiotakoei zuzendutako egitasmoa da, hau da, 15 eta 22 urte bitartekoei.
Izen-emotea datorren astelehenean, zemendiaren 23an, hasiko da; goizeko 10:00etan martxan jarriko dabe webgune honetan bertan izen-emote orria. Aurten doban izango da Ahots Baten. Abenduaren 9ra arte emon daiteke izena (egun horretako eguerdira arte, 12:00ak arte) eta, behin izen-emotea zarratuta, jakinarazoko jake izena emon daben lagunei lekua izango ete daben. Indarrean dagozan neurriak bete ahal izateko leku mugatua dagoanez, 20 lagunentzako lekua izango da eskainiko dabena eta aintzat hartuko da izena emoteko ordena.
Taldearen parte izango dirala jakinarazoten jaken gazte sortzaileei egun bitan etorteko konpromisoa eskatuko jake. Era berean, Mintzola Ahozko Lantegiak irisgarritasunean lagunduko deutse partaideei.
Aurtengo gonbidatuak eta ikuskizuna
Abenduaren 28an zein 29an, 9:30ean batuko dira Azpeitiko Dinamoan; 18:30ean amaituko da saioa lehen egunean, eta 19:45ean, bigarren egunean, jarduna amaitzeko ikuskizuna eskainiko baita.
Lehen egunean, literaturea eta bertsoa izango dira ardatz: Iratxe Retolaza literatura adituak hasiko dau saioa eta arratsaldean Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariak batuko dira taldera. Bigarrenean, Xanti Agirrezabala aktoreak eta Mursego kantariak hartuko dabe parte; amaitzeko, Xatirok bere bakarkako antzezlana eskainiko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!