Euskal Herriko ikastetxeek eskaintza ugari izango dabe Ikasle Goizean

Bizkaie! 2020-11-18 12:46   Kulturea

Hitzordua: abenduaren 4an.

Urtero legez, Ikasle Goizak emongo deutso hasierea Durangoko Azokako egitarauari. Abenduaren 4ko goizean, Euskal Herriko ikasleek eskaintza zabala izango dabe online hemen.

Azokako antolakuntzak diziplina ezbardinez osotutako egitaraua atondu dau ikasleentzat, euren ikastetxeetatik gozetako aukerea izan deien. Tailerretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena emotea, egunean bertan edo aurreko egunetan webgunera sartu eta nahikoa izango da. Maila ezbardinetako ikasleentzat egongo da eskaintzea, 5 eta 16 urte bitartekoentzat, hain zuzen be.

Txikienek, berbarako, Yogipuinak izeneko saioa izango dabe eskura, Maite Arrese, Sara Arizmendi eta Oihan Arizmendiren eskutik; bertan, yogea zer dan ikasi, gorputza landu eta burua eta bihotza lasaituko ditue. Ikus-entzunezko saio honetan hainbat ariketa egingo dira: arnasketak, pentsaera baikorra, asanak, erlaxazinoa, amaierako ipuina... Saioa Maite Arresek gidatuko dau eta egokia izango da 5 eta 8 urte artean dituen umeentzat. Gela huts bat izatea nahikoa izango da saioa jarraitzeko.

8 eta 12 urte arteko umeek Marrazkiakaz Olgetan tailerragaz gozau ahal izango dabe, Ainara Azpiazuren eskutik. Ariketa ugari landuko ditue: geometria landuz animaliak marraztea, berbak nahastauta istorio bat osotzea, mantxakaz irudiak asmetea... Saioa jarraitzeko beharrezkoa izango da honakoak izatea: papelak, lapizak, borragomak, koloreetako margoak... eta olgetako gogoa!

Aurreko urteetan bezela, baina modu birtualean, Euskal Editoreen Alkarteak Liburu bat egingo dot jarduerea atondu dau, 12 eta 13 urte dituenentzat. Ana Urrestarazu (EEE) eta Karmen Elvira (Pamiela) izango dira gidariak eta modu dibertigarrian ikasleek ezagutuko dabe zein dan liburu bat sortzeko prozesua.

Bikoizketa tailerra be dibertigarria izango da 13 eta 14 urteko ikasleentzat. Mixer taldeko Yeray Varelak azalduko dau zeintzuk diran kontuan hartu beharrekoak bikoizketa lanak egiteko orduan eta hainbat adibide praktiko egingo ditu, telebistan agertzen diran saioak erabiliz.

DBHko ikasleek oso tailer berezia izango dabe eskura. Janire Iparragirre gazteak Blender aplikazinoaren sekretuak kontauko ditu: bideo sorkuntzea, 3D diseinuak, arkitekturea... Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik Blender aplikazinoa deskargauta izatea.

Tailerrez gan, Ikasle Goizak beste ekimen berezi bat izango dau: Oihan Vegak eta Oizeder Mayo kazetariek sortzaileakaz alkarrizketa-saioa gidatuko dabe: Durangoko Azokearen webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean eta bertan honakoek parte hartuko dabe: Liher musika talde donostiarra, Kai Nakai
abeslaria (igaz Azokako sormen bekea irabazi eban sortzailea), Erika Elizari idazle hernariarra eta Aitor Arana idazle eta hizkuntzalaria.

Ikasle Goizean parte hartzen daben guztiek euren sorkuntzak sarera igoteko aukerea izango dabe, #IkasleGoizaDA traolea erabilita eta Durangoko Azokeak euren sormen-lanak zabalduko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu