Xabier Leteri omenaldia
2020-11-18 10:56 KultureaAbenduaren 4an, 10 urte beteko dira olerkari eta kantari oiartzuarra hil zala.
Iruñeko Karriki Alkarteak ekimen bana egingo dau Xabier Lete Bergaretxe izandakoa omentzeko. Egitasmoa Iruñeko Udalak babestuta eta Nafar Ateneoaren laguntzinoagaz egingo dabe. Omenaldi-programearen barrenean, hitzordu bi egongo dira: lehenengoa, datorren astelehenean izango da, hilaren 23an; bigarrena, barriz, abenduaren 17an.
Zemendiaren 23an, Alex Gurrutxaga eta Anjel Lertxundi idazleek Xabier Lete, historiaren tabernan izeneko berbaldia eskainiko dabe; iluntzeko 19:00etan izango da egitasmo hau, Kondestablearen Jauregian. Helburuak, hurranez hurran, Leteren ibilbidearen errepasoa egitea eta ikusleak bere obra zabalera hurreratzea dira; horretarako, hainbat ikuspuntu eta gaitik tiraka helduko deutse sortzaile gipuzkoarraren ibilbideari. Gurrutxagak adierazotakoaren arabera, sano inportantea da Xabier Leteri egingo deutsagun omenaldi berezi hau Iruñan egitea, bere bizi osoan zehar Nafarroagaz lotura benetan istua izan ebalako.
Abenduaren 27an, ostera, ekimenaren bigarren zatia egingo dabe: Hor zaude, nonbait izeneko kontzertua, Nafarroako Antzerki Eskolan. Bertan, Antton Valverdek beren-beregi aukeraturiko Leteren poema-moltso bat errezitatuko dau; beragaz batera izango dira, besteak beste, Klara Mendizabal sopranoa, Joxan Goikoetxea akordeoilaria eta Francisco Herrero biolinistea.
Bestalde, hainbat egilek omenaldi lez idatzitako Urrats Urratuak: Xabier Lete gogoan izeneko obrea iargitaratuko dau Balea Zuria argitaletxeak. Horrezaz gan, Baleuko produktorea be, Oiartzuneko olerkariaren inguruko dokumentala atontzen dabil, euskal sortzaile frankoren parte-hartzeagaz; Ni naiz Lete izenekoa izango dau bidean dagoan proiektu horrek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!