Kirmen Uriberen euskerazko olerkia 'The New Yorker'-en

Bizkaie! 2020-11-18 10:20   Kulturea

The New Yorker aldizkari entzutetsuan lehenengoz euskerea agertuko da.

Kirmen Uribe idazle ondarroarrak bere olerki bat argitaratuko dau hedabide amerikarrean. AEB ederto ezagutzen dau Uribek. Izan be, sarritan egon da Ipar Amerikan bere lanak idazten eta, besteak beste, Iowako Unibersidadean egiten dan International Writing Program ospetsuan egonaldia egiteko aukeratua izandakoa da; ganera, Columbiako Unibersidadean be eskolak emoten ibilitakoa da. Bere obrek (batez be, Bilbao-New York-Bilbao lanak) harrera ona izan dabe han eta, horrenbestez, bere bidea gure mugez harago be jorratu dau.

Uriberen berbetan, niretzat The New Yorker-en agertzea oso pozgarria da, errealidade bihurtutako ames bat errepresentetan dau. Umezaroko pasarte bat kontetan dot olerki horrean, gure ama eta izeko arraina grabitzen egoten ziraneko eszena bat erakusten dot, bitartean, ni mahai azpian olgetan nintzala. Kontakizun hau medio, bere amama, izeko edo ama lako hainbat euskal emakumek bizi eben egoerea erakutsi dau bizkaitarrak, besteak beste, konserba-lantegietan lan egiten ebenena. Testuan zehar gure emakumeak beharginak zirala azaltzen dot, etxekoandreak izateaz gan.

Papeleko bersinoa datorren astean publikatuko dan arren, poemea The New Yorkerren atarian leidu eta entzun daiteke, honezkero. Bai Kirmen Uribek, bai bere editore Elizabeth Macklin-ek eritxi oso onak jaso ditue publikazino barri honen harira: hamaikatxu euskal idazlek idatzi deuskue, olerkia sano ona begitandu jakela esateko eta egin dogun beharragaitik zoriontzeko, adierazo dau Macklin-ek.

Bestalde, Kirmen Uribek Mintegia izeneko bildumea be aurkeztuko dau zemendiaren 24an, Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenegaz batera; prentsaurrekoa online izango da, 12:00etan. Lan barri horretan, gure literaturea nabarmen aberastu daben liburuei omenaldi moduko bat eskaini gura deutsegu, eta horretarako erarik egokiena belaunaldi barrien eskuetan ipintea dala pentsetan dogu, hareen irakurketea bultzatzeko eta transmisinoa bermatzeko; horretara dator Mintegia, adierazo dau Ondarroakoak.

Bidean dagoan obra honen ganean, bestalde, honakoak azaldu ditu: Argi neban zeri buruz idatzi eta zelan ez idatzi. Zeozer desbardina egin gura dogu, ohiko arau narratiboetatik aldentzen zana. Geratu egin nahi neban eta pentsatu. Zer da literaturea? Zerk desbardintzen dau, esate baterako, zinetik? Zelan aldatu da gizartea azken urte honeetan? Eta galdera horreeri erantzunaz idatzi neban elabarria: gizarteari begiratu, gogoetea egin eta sortu. Orduantxe hasi ginan igarten teknologia barrien eragina be. Mobikorreko mezuak, mezu elektronikoak, Facebook sortu barria egoan. Nire itauna zan zelan aldatuko eban horrek gizartea, eta ondorioz, literaturea. Gogoeta horreetatik sortu zan liburua; horreen arrastoa da. Liburuak ez dauka egitura lineal bat; hasi eta amaitu. Horren ordez, sare baten itxurea dauka, interneteko sarearena eta arrantzaleen sarearena. Irakurleak bere aldetik jarri behar dau liburuan barreneratuko bada (…). Gaur egun, hamabi urte beranduago, eta atzera begiratua eginda, esango neuke 'Bilbao-NewYork-Bilbao' askatasun-ariketa bat izan zala, gauza guztien ganetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu