'Euskalerriko Eskautak Bizkaia’ alkartearen asanbladea

Bizkaie! 2020-11-17 13:47   Kulturea

Euskalerriko Eskautak Bizkaia alkarteak hilaren 22an egingo dau batzarra.

Covid-19aren pandemia-egoereagaz bizi dogun egunerokoa gorabehera, Bizkaiko eskaut-taldeek ez ditue euren jarduerak gelditu, ezta konfinamenduan zehar be. Hau beste erronka bat da arduradunentzat, 18 eta 25 urte bitarteko gazteentzat, Bizkaiko eskultismoaren historian formatu barria dauan topaketa honetan parte hartuko dabelako.

Antolaketa barri horrek zera esan gura dau, ordezkaritzea osotzen dauan taldeagaz batera talde-koordinatzaileak baino ez dirala bertaratuko. Beraz, % 80 inguruk streaming bidez ikusi beharko dau batzarra. Murrizketa horreen guztien helburua espazio baten hainbeste persona ez batzea da, kutsatze-aukerak murrizteagaz eta segurtasun-neurriak behar dan moduan gordeteaz gan.

150 gaztek baino gehiagok hartuko dabe parte asanblada erdipresentzial honetan; hori eskultismoak 8 eta 18 urte bitarteko umeentzako aisialdiko hezkuntzan erreferente izaten jarraitzeko daukan konpromisoaren erakusgarri da. Bileran, besteak beste, hurrengo jardueren datak finkatu, kargu barriak berretsi eta, batez be, alkartearentzat inportanteenak diran alderdiak landuko dira.

Euskalerriko Eskautak Bizkaia alkarteak 2000 ume nahiz gazte eta 300 arduradun inguru biltzen ditu. Ganera, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako taldeak batzen dituan Euskalerriko Eskautak federazinoaren parte da. Gazte mobimendu honek 50 urte baino gehiago daroaz mundu osoan zehar beharrean, aisialdi-esparruan eraginaz eta persona osoak, askeak, eraldatzaileak, eta bizitzearen, askatasunaren zein bardintasunaren babesleak izango diran personak hezten.

 Informazino gehiago: bizkaia@eskaut.org

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu