Angel Mari Unzueta Zamalloa hil jaku
2020-11-16 13:55 KultureaOrtzi goi horretatik argi egin beigu.
Ezustean joan jaku Angel Mari Unzueta Zamalloa abade euskalzalea (1952-2020), 68 urte abenduaren 4an beteteko egoala eta lagun, ezagun, eleiztar eta herritar asko eta asko harri eta zurtz geratu dira.
Zemendiaren 14an, zapatu iluntze beranduan jazo zan, holakorik espero ez genduala. Angel Marik Labayru Fundazinoagaz, artean Labayru Ikastegia zanagaz, izan dituan hartu-emon nagusiak euskal hizkuntzea lokarri dala izan da lehenagoko aldietan eta erakunde hartu-emonak dirala azken denporetan.
Labayru Fundazinoaren sorrerearen ardatzetariko bat Derioko Udako Euskal Ikastaroa izan zan eta Angel Mari be hantxe hasi zan euskera-eskolak euskaldunei emoten 1975eko udan, euskal deklinabidea, besteak beste. Eta zeregin horretan jardun eban uda batzuetan.
Euskaldun izatea eta euskalzaletasuna etxetik ekarzan. Durangoko semea izanik, euskerea txikitatik jaso eban, guraso euskaldun berabetekoen ezpanetatik. Derioko Seminarioan, euskaldunak ziran abadegaiek hirugarren kursotik (1966-67) euken euskerea ikasgaitzat, Angel tartean zala. Seminarioan euskera-irakasle izan zituanen artean batek merezidu dau aitamen berezia, Karmelo Etxenagusia Iurretako semeak, hain zuzen be. Bosgarren eta seigarren kursoetan (gaur egungo batxiler urteetan) eta filosofiako lehenengoan Karmeloren bitartez arnastu zituan euskerea eta euskal literaturea Angel Marik.
Deustuko Unibersidadean historia eta teologiako lizentziaturak etorri ziran ondoren, eta Teologiaz doktoretzea Alemanian, Bochumgo unibersidadean, hurrengo. Erromako Unibersidade gregorianoan zabaldu eta sakondu zituan eleiz ikasketak.
Ikasle argia gaztetxotatik, ikasketen bidez irabazi eban formakuntza sendoa lagungarri parebakoak izan ditu, batez be, Bizkaiko Eleizan izan dituan ardura eta erantzukizunetan, eleizearen aldian aldiango irakatsiak gizarteari bideratzeko duintasunean eta euskal gizartearen baketze eta adiskidetze bide korapilotsuak argitasunez eta leuntasunez bideratzean. Bizkaiko eleizan indar handiko gizona izan da eta gizartean lorratz handia itxita joan da. Eleizbarrutiko abade eta erlijiosoen aldetik estimu handia eta eretxirik onena irabazten jakin dauen abadea. Horregaz lotuta dago, duda barik, 2006an Ricardo Blazquez gotzainak Eleizbarrutiko Bikario Nagusi izantau izana.
Gaztetatik abiatu zan euskal kazetagintzan be, 1973ko urtearen azken herenean Radio Popularren, Bilbo Herri Irratia F.M.an hasi barri ziran euskerazko irratsaioak egiten ebilen taldearen kide lez lanean hasi zanetik aurrera. Euskerazko irratsaioetan jardun izan dau gehienbat ibilbide luze horretan, baita gaztelaniazkoetan be, premineak holan eskatzen ebanean. Irrati horregaz eta geroago sortuko zan Bizkaia Irratiagaz aldiroko lankidetzan jardun izan dau, batez be, eleizearen inguruko irratsaioak ontzen. Angel Marik berak esaten eban, abade izan ez balitz, kazetaritza izango leukela lanbiderik kutunena.
Eleizbarrutiko kultura, hezkuntza eta hedabideen alkarretaratzeen edo eleiz gidabideen arduraduna izan da azken urteotan, Bizkaiko eleizeak sendo jagoten dauen kultura eta erlijinoaren alkarkuntzea gidatzen eta bikariotza arduren ostean horrexetan jardun izan dau azken momenturaino.
Umore oneko gizona, buru on eta gomutearen berezko doaiaren jaube, lagunartea eta adiskidetasunak ugari eta ondo baino hobeto jagoten izan dituana; kirolzale handia, futbola, pala edo mendia dala; bizitzeari alderdi onetik eta baikor begiratzearen zale; alderdi ilun, neke eta nahibageak isilik igarotekoa. Hori izan da Angel Mari.
Kontuak kontu, Hhleta eleizkizuna, gaur, zemendiak 16, izango da Durangoko Santa Maria Basilikan, 17:00etan; datorren zapatuan, zemendiaren 21ean, barriz, In Memoriam mezea, eguediko 12:00etan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!