Lekeitioko 43. Euskal Zinema Bilerea, Lekeitiotik pantaila guztietara
2020-11-16 10:56 ZinemeaAurten eduki guztiak zinebilera.eus orrialdean ikusi ahal izango dira zemendiaren 21etik 29ra.
Jaialdia online izango da aurten baina egun batzuk aurretik, zemendiaren 17an, 11:00etan Ana Goitia eta Aitor Abaroak jaialdiaren aurkezpen ekitaldiari ekingo deutse eta ondoren Euskal Zinema Bilerako antolatzaileek kazetari eta zinemazaleen galderak erantzungo ditue. Ekintza hau online izango da eta zinebilera.eus orrialdearen bitartez emitiduko da. Kazetariek galderak bialdu ahal izango ditue zemendiaren 17ko 10:00ak aurretik galdetegi honen bidez.
Online izango da aurten jaialdia, pantaila guztietara heltzeko amesa dago eta inoiz baino errazagoa izango da Euskal Herrian eta euskeraz egiten dan Lekeitioko jaialdiaz gozetea.
Egun bizi dogun ezohiko egoera honek gure bizitzako arlo guztietan eragiten dau. Errealidade barri hau erronkatzat hartuta, bide barriak edegiteko aukerea mahai gaineratu da, jaialdiaren espazioak jendez betetako zinematik atera eta edonork eta edonondik ikusi ahalko den jaialdia proposatuz. Eboluzino hau 2016an sortutako plan estrategiko barritzailearen hurrengo pausoa da, Lekeition sortutako jaialdiaren zabalkundea lortzeko ekimena, oinarriak ahaztu barik eboluzino logiko bat biltzen duena.
Pantailak edonon dagoz, etxean, lanean, kalean, baita gure patrikeran. Ikus-entzunezkoak eskura ditugunez Euskal Zinema Bilereak zinematik pantaila guztietara egiten dau salto. Norabide barri honetan, Euskal Zinema Bilereak hiru zati izango ditu: Euskerazko zinemea SORTU, Euskerearen zinemea KONPARTIDU eta Euskal Zinemagintzeagaz SARETU.
SORTU atalean, zinemearen esperimentazino eta alfabetizaziboagaz lotutako ekimena topauko dogu. Alde batetik, Euskaltzaleen Topaguneagaz alkarlanean egiten dan Kameratoia izango dogu. Gazteentzako euskerazko ikus-entzunezko rally honetan izena emoten daben taldeek, ordu gitxi batzuk besterik ez ditue izango film labur bat egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango dogu. Aurreko urtean saria eroan eban Oier Fuentesek eta bere filmaren produkzinoa zelakoa dan azalduko deusku, egungo osasun egoerearen zailtasunak zehaztuko dituan working progress bategaz. Zoom atalean, Hazparneko Zinegin Festibalagaz alkanaren bidez sortutako egitasmoa aurkeztuko da.
KONPARTIDU atalean, zinemearen arlo ezbardinak alkarbanatzeko helburua daben espazioak azaltzen dira. Alde batetik, aurre aukeratuak izandako 19 lanek osotuko daben Lehiaketea. Film horreek zeintzuk diran jakin gura? Horreen inguruko informazio guztia zinebilera.eus orrialdean dago. Era berean, irabazleak aukeratzeko arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda izango dira. Beste aldetik, Euskal zinemagintzearen figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemearen Begiradea izango dogu. Nork eroango dau? Hori ezagutzeko oraindino aste batzuk itxaron beharko ditugu.
SARETU atalean, euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeakaz jarriko gara hartu-emonetan. (H)emen alkarteagaz batera, euskal zinemagintzearen egoera eta ezinegonak konpartiduteko barriketaldia atonduko da. Era berean, Pantaila Zuria espazioa estreinauko dogu, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat edegiz, aurten Zinegoak izango da gonbidatua. Azkenik, lehendik datozen irudi eta soinuak batzea heklburua dauen Atzo8 izango dogu, Euskadiko Filmategiagaz alkarlanean.
Edizio barritzaile honetan, helburu nagusia Euskal Zinema Bilerearen zabalkundea izango da. Jaialdia online formatura mobiduta aukera barriak sortu dira eta horreen bidez euskal zinemagintzea osotzen daben zale eta profesionaletara heltzeko bideak indartu. Publiko zabal batera heltzeko helburuan laguntzeko, EITBren alkarlan berezia izango da aurten. Garrantzitsua da euskal ikus entzunezkoak, honen sorkuntzea eta bere sektorea batzen dituan egitasmoagaz batera egotea, euskal ikus-entzunezkoen alorrean dagoan erakunde nagusiagaz.
Era berean, bizi dogun bolada gogor honetan, alkarlanetik indartzeko apustua egin nahi dau Euskal Zinema Bilereak. Zinegin eta Zinegoak jaialdiak, Hemen alkartea, Zine-Lab zinema laborategia, Euskadiko Filmategia eta beste hainbat eragileren alkarlanari esker euskal kulturea indartzea ahalbidetuko da. Eragile guztien arteko kolaborazinoari esker alkar jagon eta elikatzeko aukerea sortzen da, jaialdiaren eta beste eragileen arteko zubiak sendotuz.
Euskal zinemaren hitzorduan hemen da eta aurten pantaila guztietan izango da ikusgai! Ordenagailua, tabletea edo eskuko telefono bat besterik ez da behar. 43. Euskal Zinema Bilerearen inguruan gehiago jakin gura badozu, begitu egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!