Guggenheim Bilbao Museoak bideo-multzo barria aurkeztu dau

Bizkaie! 2020-11-16 08:16   Kulturea

Arte-arduradunak eta artistak arteaz berbetan.

Guggenheim Bilbao Museoak #GuggenheimBilbaoInsights ekimena aurkeztu dau: bideo multzo barria, Museoaren Arte-ardura Sailaren gidaritzapean egina. Bideo horreetan, arte-arduradunak Museoaren Bilduman obraren bat daben zenbait artistagaz barriketan ibiliko dira.

Ekimen digital barri hau 2020ko zemenditik 2021eko bagilera egingo da. Hilero, Museoak bideo bat argitaratuko dau eduki artistikoa ahalik eta ikus-entzule gehienakana zabaltzeko asmoz. Pieza horreek Museoaren webgunean argitaratu eta sare sozialen bidez be konpartiduko dira: YouTube, Instagram, Facebook eta Twitter. Bideo bakoxzak 20 bat minutuko iraupena izango dau eta alkarrizketearen argigarri izango diran irudiak eta ikus-entzunezko baliabideak be erakutsiko ditu, atsegina eta didaktikoa izan daiten.

Arte-arduraduna eta artistea Museoan edo artistearen estudioan batuko dira, edo leku bietan batera, kokapenaren eta momentu bakotxeko aukeren arabera. Alkarrizketa iradokitzaile horreen bidez, artista bakotxak gaur egungo arteari egin deutson ekarpena ulertzeko funtsezko elementuak aztertuko dira eta haren ibilbideari eta ikuskereari buruzko alderdi interesgarriak ezagutarazoko dira.

#GuggenheimBilbaoInsights proiektuaren aberastasuna landutako gaien eta ikuspegien aniztasunean egongo da, aldatu egingo baitira artistearen eta arte-arduradunaren arabera, baita euren arteko konplizidadearen eta interakzinoaren arabera be.

Proiektu honetarako, Museoaren Bilduman obraren bat daben bina artista hautatu eta datozen hilebeteetan eurekaz izango dituen topaketen gidoiak atondu ditu arte-arduradun bakotxak. Multzoko lehenengo bideoan, Alyson Shotz-en eta Manuel Cirauquiren arteko alkarrizketa dogu ikusgai, Museoan eta artistearen New Yorkeko estudioan aldi berean grabautakoa. 2017an, Manuel Cirauquik Museoan atondutako Artea eta espazioa erakusketan parte hartu eban Alyson Shotzek (Arizona, AEB, 1964) eta, haren harira, Museoak artistearen (Object for Reflection, 2017) eskuratu eban. Alkarrizketan, hainbat gairi buruz berba egin dabe biek, besteak beste, artistearen ibilbideaz, haren lana ulertzeko elementu garrantzitsuez (argiaz eta grabidadeaz, esaterako), naturan egin dituen instalazinoez eta orain gitxi izan dauen banakako erakusketaz.


Hona hemen lehenengo bideoen programazinoa:

• 2020ko zemendia: Alyson Shotz eta Manuel Cirauqui.

• 2020ko abendua: José Manuel Ballester eta Petra Joos.

• 2021eko urtarrila: Ernesto Neto eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães.

• 2021eko zezeila: Itziar Okariz eta Lucía Agirre.


Sei ikuspegi

Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunen taldea bost komisario artistikok eta laguntzaile batek osotzen dabe eta horreetako bakotxak bere ikuspegia eta ibilbidea eskainiko deutsoz proiektuari. Hona hemen taldekideak eta Museoan beren ardurapean izan dituen azken erakusketetako batzuk:

- Lucía Agirre: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketez arduratu da, besteak beste: Olafur Eliasson (2020), Thomas Struth (2019), Marc Chagall (2018) eta Bill Viola (2017).

- Manuel Cirauqui: 2016tik da Museoko arte-arduraduna, Dia Art Foundation-etik etorri ondoren. Honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: William Kentridge (2020), Jesús Rafael Soto (2019), Henri Michaux (2018) eta Artea eta espazioa (2017).

- Geaninne Gutiérrez-Guimaraes: 2015etik da Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna, baina New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan du egoitza, eta Basque Artist Program koordinatzen du bertan. Lygia Clark (2020) buruzko erakusketaren komisarioa izan da.

- Lekha Hileman Waitoller: 2019ko urrian hasi zan Museoan lanean arte-arduradun lez, Chicagoko Art Institute-tik etorri ondoren. Egun, 2021erako erakusketa bi atontzen dabil.

- Petra Joos: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: Jenny Holzer (2019), Alberto Giacometti (2018), Georg Baselitz (2017) eta Louise Bourgeois (2016).

- Marta Blavia: 2006tik da arte-arduradun laguntzailea. Besteak beste, Kandinsky (2020) eta Richard Artschwager (2019) artistei eskainitako erakusketetan aritu da laguntzaile, baita Film & Video programan be.

#GuggenheimBilbaoInsights

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu