Durangoko Udalbatzak Gurutzi Arregi uriko alaba izentetea ebatzi dau

Bizkaie! 2020-11-13 13:15   Kulturea

Maiatzaren 6an hil zan Labayru Fundazinoaren sortzailea.



Gurutzi Arregik (1936-2020) etnografian behar handia egin eban, Labayru Fundazinoaren sortzailea, Etniker taldeetako kide eta koordinadorea, Gerediagako kidea, Eusko Ikaskuntzakoa... Kultura arloan ibili izan da Gurutzi bizitza osoan, alkarte eta erakundeetan ibilbide luzea eginaz. Haren lan esparrua herri-erlijinoa izan da batez be eta Bizkaiko ermiten katalogoa egin eban lehenengo, eta gero, ermiten tipologia eta ezaugarriak sakon aztertu zituan.

Lemoan jaioa izan arren, ume-umetatik Durangon bizi izan da eta orain herriak autortzea egin deutso. Herriko hurreko lagunek eta kulturan zeresana dabenek proponidu deutse udalari holako autortzea egitea, eta bai onartu be udalbatzak aho batez.

Kontuak kontu, zemendiaren 12an, Gurutziren urtegunean, egin eben ekitaldia Gurutzi Arregi Durangoko uriko alaba izentetako. Alde batetik udalbatzak onartzeko ekitaldia egin eban udaletxean, eta bestetik, San Agustin gunean, omenaldi ekitaldia. Han egon ziran hango eta hemengo hainbat konbidadu, tartean zirala Ander Manterola, Jokin Gorozika, Miguel Zugaza, José Julián Baquedano, Gaspar Martínez, Nerea Mujika, Gurutziren nebak, lobak, lagunak, senideak eta Durangoko hainbat alkarte eta erakundetako ordezkariak.

Izendapen honetarako ekimena Leopoldo Zugazak bultzatua izan da, herriko kultura arloko beste hainbat lagunegaz batera, ekitaldian gogoratu ebenez.

Ander Manterolak berba egin eban hurrengo, alkarregaz emondako berrogeta hamar urteetako ibilbidetik Gurutziren ezaugarri batzuk nabarmenduz: haren eskuzabaltasuna eta bihotz handia, Jose Miguel de Barandiaranen ikasle eta jarraitzailerik argiena izan zala, ermiten ganeko ikerketea eta Atlas Etnografikoa koordinetan egindako lana.

Familiaren izenean, Gurutziren lobeak, Arantzak, hartu eban udalak emondako Mikeldia. Horrezaz gan, udalari eta han batu ziran guztiei eskerrak emon eutsezan, eurentzat erreferentzia izandako izekoari egindako omenaldiagaitik.

Durangoko San Agustin Kulturgunean egindako ekitaldian txistulari taldeak, jantzariak eta Kulunka hirukoteak parte hartu eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu