UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak bere agintaldiaren balorazino positiboa egin dau
2020-11-12 12:43 KultureaUPV/EHUk eutsi egin deutso euskereagaz dauen konpromisoari.
Gaur goizean UPV/EHUko Klaustroaren ohiko bilerea izan da Bizkaia Aretoan. Bileran erakundeko errektore Nekane Balluerkak 2019/2020 ikasturteko kudeaketa txostena aurkeztu dau. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz ezarritako segurtasun neurriak dirala eta, ekitaldia erdipresentziala izan da: klaustrokide batzuk aretoan bertan izan dira eta, gainerakoek, barriz, zuzenean jarraitu dabe ekitaldia webgunearen bidez.
Klaustroaren ohiko saio honetan unibersidadeko errektore Nekane Balluerkak igazko ikasturteko kudeaketa lanaren barri emon eta ondoren azken lau urteotako (2017-2020) bere agintaldiaren balantzea egin dau: Uste dot epe honetako lanaren emoitzea ona izan dala. Lorpen nagusien artean azpimarratuko neukez, batetik, lortu dogun finantzazino konpromisoa hemendik gitxira Medikuntza eta Erizaintza Fakultadearen eraikin barria laster eregiteko; bestetik, Shanghaiko rankingean gora egin izana, munduko 400 unibersidade onenen artean kokatu arte; eta, azkenik, goi mailako Europako unibersidadeen Enlight partzuergoa sortu izana beste unibersidade batzuekaz batera. Duda barik, Euskal Herriko Unibersidadeak badau erronkarik aurrean, baina uste dot lau urte honeetan pausu erabagigarriak egin ditugula norabide egokian. Errektoreak nabarmendu ditu 2020ko pandemiak ekarritako arazoak: Uste dot gure unibersidadeak jakin dauela egoera honi erabagimenez eta adorez aurre egiten —esan dau— eta holan esan neike, horren meritua kolektiboa izan dala. Unibersidadeko kide guztiok ahalik eta modurik onenean egin deutsagu aurre gure erakundeak historian izan dituan krisi larrienetako bati. Horregatik, orain nagusitzen dan sentimendua harrotasuna da, unibersidadeko kideok alkarren atean egin dogun ahaleginagaitik. Harrotasun horri gehitzen jako erantzukizun handiko kargua bete izana gure unibersidadean, bere ahalegin eta sakrifizioakaz, baita horrek aldean dakarren ikaskuntza eta ilusinoagaz be.
Bestalde, agintaldiaren balorazinoan errektoreak nabarmendu dau Erasmus Mundus kalifikazinoko masterren kopurua handitu izana, bitik zortzi izatera pasau baitira. Horri esker UPV/EHU bihurtu da zigilu hori daben graduondoko gehien dituan unibersidadea Espainian. Agintaldi honetan titulu bikotxak be indartu dira; 2016/2017 ikasturtean, holako bi emoten ziran eta ikasturte honetan hamabi izan dira. Horreen arteko bat ingelesez osorik emoten dan lehen titulu bikotxa da. Era berean, prestakuntza duala be bultzatu da eta gaur egun hamar titulazino dagoz modalidade horretan. UPV/EHUk lau gradu barri ezarri ditu (azkenekoa Adimen Artifizialekoa) eta bi ikastegi atxiki barri daukaz: Goi Mailako Online Institutua eta Elías Querejeta Zinema Eskolea. Gainera, eskaintza hori osotu dau zeharkako gaitasunen gaineko ikastaroen katalogo zabal batez. Berezko tituluen kopurua be % 74 igon da.
Urtean 11.000 praktika
Agintaldi honetan, UPV/EHUk Enplegagarritasunaren eta Praktiken Atala sortu da, laguntza logistikoa emoten deutsena fakultade eta eskolei ikasleen praktikak kudeatzeko, bai curriculumeko praktikak eta bai borondatezkoak be. Azken lau urteotan praktiketan kolaboetan daben enpresen kopurua % 24 hazi da eta horri esker dibersifikau egin dira ikasleek urtean egiten dituen 11.000 praktikak.
2019-2022 aldirako Ikerketa Planaren esparruan, deialdi barriak diseinau dira proiektu handiak sustatzeko, diziplina artekoak eta beste erakunde eta enpresa batzuekaz lankidetzan egitekoak.
Atal honetan, azpimarratzekoa da UPV/EHUk bere historiako lehen Nobel sariduna kontratau duela orain gitxi Donostia International Physics Centerregaz lankidetzan: Albert Fert fisikari frantsesa, hain zuzen be.
Beste alde batetik, UPV/EHUk ikerketeari lotutako 55 miloe euro inguru eskuratzen ditu urtean. UPV/EHUk eskuratutako itzulkina Horizon2020 Europako Programan parte hartzearen ondorioz 24 miloe euro inguru izatera heldu da. Argitalpen zientifikoei jagokenez, azken lau urteotan % 34 hazi da Web of Sciencen indexautako artikuluen kopurua. 2019an, 3.800 argitalpen baino gehiago egon ziran.
Nazinoarteko mobikortasuna, gora
UPV/EHUk handitu egin dau nazinoarteko titulazino bikotxen eskaintzea. Azken lau urteetan, % 25etik gora hazi da ingelesez emondako graduko nahiz masterreko irakasgaien kopurua. Pandemia gorabehera, ikasleen kanporako mobikortasuna % 13 igon da eta barrurako mobikortasuna, barriz, % 6. Holan, UPV/EHUko ikasleen % 22k seihileko bat egiten dau gitxienez atzerriko unibersidade batean eta, beraz, uste baino askoz lehenago gainditu da Europar Batasunak 2020rako jarritako % 20aren helburua.
Errektoreak azpimarratu dau lehiaketa deialdi gogor batean UPV/EHUk bost miloe euroko babesa lortu dauela ENLIGHTerako, hau da, goi hezkuntzako maila handiko beste zortzi erakundegaz batera sortu dauen Europako unibersidadeen partzuergorako.
Nazinoartekotzeko ahalegin horretan sakondu eta UPV/EHUk eutsi egin deutso euskereagaz dauen konpromisoari. Graduko nahitaezko irakasgaien % 98 euskeraz emoten dira, 2017an baino lau puntu gehiago. Era berean, hirukoiztu egin da euskeraz emondako berezko tituluen kopurua eta % 6 igon da gure hizkuntzan egindako doktorego tesien kopurua. Doktore Euskaldunak datu basea be martxan jarri da eta dagoeneko 700 doktore inskribidu dira bertan. Gaur egun, irakasle-ikertzaileen % 61 euskera-gaztelania plaza elebidunetan dagoz, agintaldi honen hasieran baino 5 puntu gehiago. Azken lau urteotan unibersidade mailako ia 300 testuliburu eta 60 ikasmaterial argitaratu dira euskeraz, besteak beste, Hiztegi Juridikoa.
Gizarte politiken arloan ekimen asko dagoz nabarmentzeko. III. Bardintasun Planaren eskutik martxan jarri dira ekimen zehatz asko, tartean genero indarkerien kontrako protokolo zehatza. EHUagenda 2030ek Garapen Jasangarriaren Helburuak txertatu ditu unibersidadearen zereginean. Eta III. Inklusino Planaren bidez, zabaldu egin da unibersidadearen jarduna eremu horretan.
Bestalde, errektorego taldearen asmoa izan da langileen lan baldintzak hobetzea eta, esangura horretan, finko bihurtu dira irakasle-ikertzaileen 447 plaza eta administrazino eta zerbitzuetako langileen 77 plaza. Nabarmentzekoa da 2018an lan eskaintza publiko bat onartu zala 38 plazagaz eta 2019an beste bat administrazino eta zerbitzuetako langileen 635 plazagaz, UPV/EHUren historia osoan, AZPkoei zuzendutako lan eskaintza publikorik handiena.
Aparteko aitamena behar daben ekimen bi egon dira azpiegituren arloan: batetik, Galdakao-Usansoloko ospitalea unibersidadeari atxiki jako ospitale alkartu lez eta horri esker, gainera, Medikuntzako Gradu osoa euskeraz egin ahal izango da; bestetik, Medikuntza eta Erizaintza Fakultadearen eraikin barriaren proiektua mamitu da.
Hori guztia posible izan da, alde batetik, UPV/EHUren aurrekontua % 5,6 handitu dalako eta, bestetik, unibersidadeak Eusko Jaurlaritzeagaz sinatu dauelako 2019-2022 aldirako Unibersidade Plana (1.350 miloe euroko finantzazinoa egongo da) eta administrazino eta zerbitzuetako langileen 100 lanpostu finkatuko dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!