Aurtengo 'Klasikoen Irakurraldia' martxan da
2020-11-12 12:09 KultureaAurtengo edizinoak Mariasun Landaren Haur eta Gazte Literaturea omenduko dau.
Zemendiaren 17an egingo da, Arriaga Antzokian, 08:00etatik 14:00etara, formatu txikerrago baten, osasun-egoerea dala-ta. 200 lagun inguruk hartuko dabe parte, gizartearen esparru guztiak ordezkatuaz. Bilboko ikastetxeetako ikasleek eta mundu osoko Euskal Etxeetako kideek era birtualean kolaboratuko dabe.
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen daben Klasikoen Irakurraldi Etenik Bakoaren hamairugarren edizinoak haur- eta gazte-literaturea omenduko dau, Mariasun Landaren Ipuin hautatuak irakurriaz. Ekimenaren babesle nagusiak Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Laboral Kutxa dira.
Normalean, bagilean egiten da ekitaldia, Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatuta eta ikasturteari amaierea emoteko. Baina COVID-19aren pandemia medio, bagileko ekimena bertan behera geratu zan. Orain berreskuratu egingo da, formatu apalagoan bada be, modu seguruan jokatzeko. Arriagaz alkarlanean seguridade-protokolo berezi bat atondu da, personen arteko aldea mantenduaz eta joan-etorriak kontrolatuaz, pilaketarik sortuez daiten. Maskarea derrigorrezkoa izango da eta mahai ganeko mikrofonoa uneoro garbituko da.
Mariasun Landak berak irakurriko ditu lehenengo lerroak, goizeko 08:00etan, ekimenari hasierea emonaz; ostean, beste 200 bat pertsona txandatuko dira mikrofono aurrean. Tarteka, mundu osoko 50 Euskal Etxeetako ikasleek hartuko dabe parte grabautako bideoen bidez. Aurtongo beste berezitasun bat izango da umeen parte-hartzea, haur literaturea gai zentrala dan neurrian. Egungo baldintzak dirala-ta, parte-hartze hori ikus-entzunezkoen bitartez egingo da.
Ohikoa danez, euskal gizartearen arlo guztietako jenteak irakurriko ditu pasarteak jendaurrean: Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultur Sailburuak, Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol Diputaduak eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak, besteak beste. Unibersidadeko, komunikabideatako, eleizako eta erakunde publiko eta pribauetako ordezkariak, kirol, kultur eta gizarte eragileak nahiz ikasle zein irakasleak bere Arriagako foyerretik pasauko dira. Bestalde, Arriagako plazan pantaila erraldoi bat ipiniko da eta irakurketea bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean; baita EITBren webgunetik be. Ganera, Zazpi Kaleatako eta Abandoko Metro Geltokietan, aurreko edizinoetako argazki eta kartelez osotutako erakusketea izango da ikusgai, egunotan.
Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarka, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergaitik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta Herri, Sarrionandiaren Narrazino guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren % 100 Basque, Txomin Agirreren Kresala eta Anjel Lertxundiren Otto Pette leidu ziran.
Mariasun Landa
Aurtengoa ez da obra bat, ipuin-bilduma baino. Mariasun Landak idatzitako narrazinorik ezagunenetako batzuk hartu eta moltso bat sortu da, irakurraldirako propio egina, editorialen laguntzinokaz. Jomugea haur eta gazte literaturea omentzea da. Ikastolak eta gau-eskolak sortu ziranetik, haur eta gazte literatureak funtsezko esparrua bete dau euskalgintzan. Helduen literaturako autorerik ospetsuenak be bertan ibili dira, eta liburu sano inportanteak publikau ditue. Baina Mariasun Landa (Errenteria, 1949) da arlo horretan gehien nabarmendu dan egilea eta atzerriko hizkuntza asko eta askotara itzuli dabe. Haurrentzat liburu franko plazaratu ditu, hainbat sari lortzeaz gan; horreen artean, 1991n Alex ipuinagaitik jasotako Euskadi Saria eta 2003an Krokodiloa ohe azpian narrazinoagaitik eskuratutako Espainiako Haur eta Gazte Literaturearen Sari Nazionala.
Landaren ibilbide literarioan uneoroko esperimentazino poetikoa gailentzen da eta hori argi islatzen da teknika eta estilo literarioen bilaketean. Horixe da, hain zuzen be, Landaren ustez, haur- eta gazte-literaturearen erronka potoloenetako bat: giza sentimendu sakon eta unibersalez, ahalik eta era xumeenean jardutea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!