Txantxangorri-bikotea, Dumitru eta Altzoko Handia, kalean

Bizkaie! 2020-11-12 10:57   Kulturea

Erein argitaletxea sasoiko dago: lau liburu barri dakarz.

Batetik, Yolanda Larreategik eta Malen Amenabarrek Bi txantxangorri haritz adarrean obrea alkarlanean kaleratu dabe; bestetik, Koldo Izagirrek Dumitru biluzik sortu dau; ganera, Izagirre berak, Irrimarra bikoteagaz batera, Altzoko Handiaren eta Kutixiren bildumearen jarraipena aurkeztu dabe. Liburu honeen danen Donostiako aurkezpenean Inazio Mujika Ereineko editorea lagun izan dabe sortzaileek.

Bi txantxangorri haritz adarrean

Yolanda Larreategiren eta Malen Amenabarren lanaren hazia Markina-Xemeingo Udalak eta Erein argitaletxeak urte hasieran antolau eben XIV. Peru Abarka Album Lehiaketan ernaldu zan: epaimahaiak Larreategiren narrazinoa aukeratu eban; testuaren ilustrazinoak egiteko, ostera, Malen Amenabarren beharra subertau zan irabazle. Halan, bien artean jorratu dabe kaleratu barri dan liburu hau. Sortzaileak bikote bat dira eta protagonistak be beste horrenbeste: Maitasun-kontakizuna da, promesa batetik jaio dana, adierazo dau Larreategik; orain dala denpora bat, alkarri promesa bat egin eutsen, eta endredetako sasoia ailegau jake. Bientzat korapilo mardula izango da, baina promesa bat promesa bat da eta, hortaz, aurrera eroan behar. Testuaren oinarri esanguratsuenetako bat heriotzea da. Hain zuzen be, heriotza- franko dagozala azaldu dau egileak eta, horrezaz gan, naturaltasunez tratau behar dirala argitu dau. Ilustrazinoei jagokenez, Amenabarrek bete-betean asmau dabela goraipatu dau; joandako egunen pisu handia daukan emakumezko heldu bat irudikatu eban berak, eta kaiola bat ipini eutson lepoan. Kartzela horretan sartu eban bigarren personajea: txoria.

Dumitru biluzik

Koldo Izagirreren Dumitru personaje euskaldun-errumaniarra 2014an heldu zan geurera. Sei urteren ostean, idazleak protagonistea irakurleari lehen personan mintzoaz zuzentzea erabagi dau eta bilatu dauan hurrekotasun hori hizkerean islatzen saiatu da. Erregistro horregaz, Izagirrek identidade partikular bat sortu deutso, bere egunerokotasuna azaleratzeko eta inongo mozorro barik plazaratzeko; hortik dator, hain zuzen be, Dumitru biluzik izenburua. Lanean zehar, gazte honen gogoetak, autofikzinoa, kezkak, bildurrak, ilusinoak... agerrarazo ditu idazleak, kokaleku finkorik bage (eskolea, etxea, kalea...). Dana dala, Izagirrek jarraikortasun narratiboari uko egitea aukeratu dau; lanak badauka zelanbateko hazurdura bat, baina ez, ostera, jarraikortasun zurruna: badirudi nobela normal bat hartu eta hamaikatxu txataletan desegin dogula, kontaketa lauaren eta linealaren aldean aberasgarriagoa izan daiten.

Altzoko Handiaren eta Kutixiren bildumea

Altzoko Handia eta Kutixi protagonista dituan sei obrako literatura-bildumearen azken pasarte biak be kaleratu dira: Altzoko Handia eta Kutixiren bekaitza, batetik; Altzoko Handia eta Kutixiren mehatxua, bestetik. Koldo Izagirre bera izan da testuen egilea, Irrimarra taldea osotzen daben Irene Iruretaren eta Karmele Gorroñoren ilustrazinoakaz horniduta. Marrazkiak egiterakoan buruhausteren bat edo besteri aurre egin behar izan deutsie: Liburu-bilduma bat izanda, lan bakotxeko koloreak aukeratzeko orduan, zelanbateko giro bat sortu behar izan dogu, adierazo dau Gorroñok. Marrazkiak, orain arteko obratan lez, tenperaz nahiz eskuz ondu ditue. Alkarlanean funtzionetako prozesuari helduta, sano interesgarria subertau dala azaldu dabe, eta beharrerako sistema jakin bat jarraitu dabela: Izagirrek behin-behineko testu bat aurkezten euskun, bere atmosfera propioagaz, eta, ondoren, guk ilustrazinoak atontzen genduzan; akabuan, testuak zein irudiak moldatu egiten genduzan, azken produktua sortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu