Basque Teamek 2020ko bekei eutsiko deutse 2021ean

Bizkaie! 2020-11-12 08:20   Kirola

Bekadunentzat oinarrizko babes-erispidea aplikatu da.



Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaileak, Maialen Chourraut piraguisteak eta Aritz Aranburu surflariak lagunduta, Eusko Jaurlaritzeak Basque Teamek urtero emoten dituan beken inguruan 2021erako dauen proiektua aurkeztu dau.

Basque Team Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazino bat da eta goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea eta sustatzea dau helburu, nazinoarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal ordezkaritza zabala ahalbidetzeko, bai eta aitatutako lehiaketetan euskal kirolarien bikaintasun-emoitzak lortzeko be. Hainbat laguntza eta beka emon ditu orain hamarkada bat baino gehiagotik euskal kirolarien prestakuntzea eta parte-hartzea sustatzeko mundu mailako nazinoarteko kirol-lehiaketa garrantzitsuenetan, eta, batez be, programa olinpikoan eta paralinpikoan. Beka horreek urtero emoten dira, eskatzen dituen kirolariek aurreko denporaldian izandako emoitzak kontuan hartuta.

2021eko beken kasuan, covid-19aren osasun-krisiak 2020. urteko kirol-jarduerea baldintzatu dau, nazinoarteko kirol-lehiaketak egiteko aukerarik ez da egon edo oso aukera gitxi egon dira eta Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak bertan behera itxi behar izan ditue. Egoera horren aurrean, kirolariak babesteko oinarrizko erispidea gogoan hartuta, beharrezkotzat joten da, 2020an egindako nazinoarteko lehiaketa bakanetan lortutako emoitzak baloreteaz gan, aurreko urtean edo ekitaldian onuradun izan ziran personentzako 2021erako laguntzei eustea. Gainera, 2020an atzeraeraginezko bekea izan daben eta merituak frogatzeko lehiaketarik izan ez daben kirolariek beka osoa jasoko dabe 2021ean, salbuespenezko neurri legez.

Basque Team bekak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Diru-laguntzen Planaren barruan dagoz eta laguntza horreetarako jagokon aurrekontu-kreditua dago. Beken modalidadeak (kirolariak, atzeraeraginezkoak, support), sariak eta teknikarientzako laguntzak kontuan hartuta, 921.750 euro inbertiduko dira laguntza horreetan: Jaurlaritzeak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, kirolaren, goi mailako kirolaren eta Basque Team Fundazinoaren aldeko apustua egiten jarraitzen dau, aurten sufriduten gagozan zailtasun guztiak gorabehera, adierazo dau Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaileak.

Maialen Chourraut txapeldun olinpikoa, Fundazinoaren sorreratik bekea jaso dauen kirolarietako bat, oso eskertuta agertu da, hartutako erabagiak lan egiteko eta aurrean ditugun hitzordu garrantzitsuak lasaitasunez preparetako aukerea emongo deusku, ziurbakotasunez betetako testuinguruan.

Aritz Aranburuk ondokoa adierazo dau: Kontziente gara oso momentu larrian diru publikoagaz laguntzen deuskuela eta ahalegin guztiak egin behar ditugula gizarteari geugan inbertidutako guztia bueltetako.

Denporaldi honetako helburu nagusia Tokioko hitzordua da. Bertan Basque Teamek kobertura mediatikoa egingo dau, Olinpiar Jokoetan zein Paralinpikoetan. Horrezaz gan, Bat To Tokio telebista saioa produkzino prozesuan dago. Japonian lehiatzeko plazea lortzeko burrukan ibili diran kirolarien lana batzen dau dokumentalak.

Bestalde, Beijingen 2022an egingo diran Neguko Jokoetarako ziklo olinpikoa fase erabagigarrian daho. Fundazinoak neguko hitzordurako komunikazino-estrategia paraleloa landuko dau, neguko kirolariei buruzko beste programa bategaz eta Txinako txapelketearen kobertureagaz.

Tokioko eta Beijingeko Jokoak egutegian hur dagozan arren, Basque Team inoiz baino gehiago indartzen dago beheragoko kategorietan egin beharreko lana, Paris 2024ra eta Milan 2026ra begira. Euskal federazinoaklaz batera lan egiten da Euskadirentzat estrategikoak diran kirolen bikaintasun-proiektuetan, besteak beste, surfa, piraguismoa, arrauna, neguko kirolak eta kirol egokitua.

Helburu horreek guztiak beteteko, Basque Teamek Quiron Salud, Athletic Club eta Eibar KE babesle pribatuen laguntzea izaten jarraitzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu