'Emakumeek zientzia egiten dabe' Bilbon

Bizkaie! 2020-11-10 13:21   Kulturea

Bidebarrieta Kulturgunean egingo da, zemendiko eguenetan, hilaren 12an hasita.

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunean, zemendiaren 12an, 19an eta 26an, Emakumeek zientzia egiten dute izeneko zientzia-dibulgazinoko berbaldi-zikloaren edizino barri bat egingo da, emakumearen eta zientziaren paradigmea ikuspegi frankotik jorratzeko. Zikloa eguen honetan hasiko da, 19:00etan, Bidebarrietako Liburutegiko areto nagusian, Ane Alonso genero-ikuspegian espezializautako arkitektoaren berbaldiagaz; hilaren 19an eta 26an be ospatuko dira solasaldiak: zemendiaren 19an, Maria Jesus Irabien Gulias UPV/EHUko Geologia Saileko irakasle titularra izango da hizlari; 26an, barriz, Txaro Uliarte Larriketa erizaina. Dobako gonbidapena eskuratzea beharrezkoa izango da, hemen. Aurkezpena streaming bidez be jarraitu ahal izango da, hemen. Ziklo hau #BilbaoUdazkena2020 kultur ekimenaren parte da.

Eguena, zemendiaren 12a: ¿Cómo sería una ciudad diseñada por mujeres?

Ane Alonso genero-ikuspegian espezializautako arkitektoak emongo dau berbaldia. ¿Cómo sería una ciudad diseñada por mujeres? izenburupean, Alonsok uri baten diseinuan kontutan hartuko behar diran alderdiak aztertuko ditu, genero-ikuspegia aplikatuaz; beraz, historikoki emakumeei esleitutako alderdi horreek danak hartuko ditu aintzat, ez arrazoi biologikoetan oinarrituta, genero femeninoaren gizarte-eraikuntzean baino. Horretarako, ohiko urigintzeak arreta gitxi eskaini deutsen eta egunerokoan garatu behar diran lan horreetan guztietan jarriko da arretea, baita egungo urian emakumeen eta gizonen artean dagozan uri-espazio eta -baliabideetarako sarbide eta erabilera desbardinetan be.

Alonso arkitektoa da UPV/EHUn, eta oso ezaguna ez dan eremu baten hasi zan beharrean: genero perspektibadun urigintzean, hain zuzen be, urteen poderioz, inportantzia eta oihartzuna hartu dauana. 2002an, HiriaKolektiboa sortu eban beste arkitekto batzukaz, eta desegin zanetik modu independentean dihardu, beste profesional batzukaz alkarlanean. Urigintzearen eta arkitekturearen praktika profesionala ikuspegi demokratiko, parte-hartzaile eta inklusiboago batetik barrikustea proposatzen daben antolatu bako profesionalen kolektiboko kide da.

Eguena, zemendiaren 19a: Mujeres con los pies (y la cabeza) en la tierra

UPV/EHUko Geologia Saileko irakasle titularra dan María Jesús Irabien Gulías izango da Mujeres con los píes (y la cabeza) en la tierra berbaldia emongo dabena. Izenburuan aurreratzen dan lez, geologiaganako grina daukien emakumeei buruzkoa da ekimen hau. Oinak lurretik aireratu barik, alegia, historian zehar pertsonen garapena marketan dabeen hainbat inguruabar (sozialak, politikoak, ekonomikoak) kontutan hartuta, gehiago ezagutarazoko dira bidea edegi eben aitzindariak eta, gaur egun, klima-aldaketea edo beste planeta batzuen azterketea lako erronka zientifiko inportanteei aurre egin behar deutsienak.

María Jesús Irabien Gulíasek irakaskuntzea eta Harea-Itsasertzeko Geologia ikerketa-taldeko jarduerea konbinetan ditu. Talde horrek kostaldeko ingurumen-eraldaketeaz arduratzen diran natura- eta giza jatorriko prozesuak aztertzen ditu. Eremu horretan hainbat lan egin ditu Bilboko itsasadarrean, Urdaibaiko Biosferearen Erreserban, Pasaiako badian, Suancesko estuarioan eta abar. 2009an eratutako UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko lehen Bardintasun Batzordeko presidentea izan da. 2012az geroztik, Bidebarrieta Kulturgunean urtero egiten dan Emakumeek zientzia egiten dute berbaldi-zikloaren antolatzaileetako bat da, eta Amit (Emakume Ikertzaileen eta Teknologoen Alkartea) alkarteko kidea.

Eguena, zemendiaren 26a: Florence Nightingale, La dama de la lámpara

Ziklo honetako azken etapa Txaro Uliarte Larriketa erizainaren eskutik etorriko da. Bertaratzen diranek, besteak beste, Florence Nightingale ezagutuko dabe: Nightingale klase altuko familia britainiar bateko emakumea zan, erizaina, estadistikaria, idazlea, irakaslea eta, era berean, irismen eta zeresan handiko akademiko, teoriko eta erreformatzaile soziala. Erizaintza modernoaren sortzailetzat hartua izan da, eta mundu-mailako ospea lortu eban Krimeako Gerran (1854-1856) Barack Scutari Ospitalean zaurituak jagoten eginiko lan ausart eta gogoangarriagaitik. Bere behar bikainak, antolatzeko eta agintzeko gaitasun handiak hobekuntza handiak ekarri zituan soldadu zauritu eta gaixoen egoera tamalgarriari begira. Lanparearen Damea modura ezagutua izan zan, bere gaixoak zaintzeko lanpara bat eskuan eroaten ebalako bere gau-errondatan; gerrako bizipen sakon hartatik itzuli zanean, osasun-sistema zibil eta militarra erreformetako ahalegina egin eban, erizaintza profesionalizaduaz. 1860an, Saint Thomas Ospitalean (Londres) Erizainentzako Eskolea eta Etxea sortu zituan.

Txaro Uliarte Larriketa erizaina da eta bere lanbidea hainbat arlotan garatu dau: irakaskuntzatik eta erizaintza komunitariora. Ganera, Zainketa Osagarrietan aditua da Almeriako Unibersidadean; Zainketen Ikerketako Masterra Madrilgo Unibersidade Konplutenseko eta UPV/EHUko Medikuntzearen Historia Museoko Florence Nightingaleren mendeurrenaren Erakusketako komisarioa izan da 2010-2011 bitartean, eta 2018ko urrian nahiz zemendian Palma de Mallorcan eginiko Erizaintzearen Historiaren Nazinoarteko XVI. Kongresuaren komisarioa be bai.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu