'Lyceum Club' antzezlana, Bilbon

Bizkaie! 2020-11-10 12:04   Kulturea

Bilboko Udalak Soziedade Filarmonikoan aurkeztuko dau, zemendiaren 20an.

Obra hau Bilbao 700 Fundazinoaren produkzino propioa da, eta #BilbaoUdazkena2020 ekimenaren kultur ekitaldi eta jardueretako bat da. Antzezlanak Pilar de Zubiaurre, Carmen Baroja, Zenobia Camprubí eta María de Maezturen istorioa kontetan deusku. Lau emakumeok Lyceum Club izenekoa sortu eben 1926an. Gudu Zibila isiotu zanean, erbeste urrunera joan behar izan eben, sendia eta lagunak atzean itxita.

Sarreren prezioa 10 eurokoa da, eta hilaren 18, 19 eta 20an erosi daitekez Bilboko Soziedade Filarmonikoaren txarteldegian, 11:00etatik 17:00etara. Era berean, gogorarazoten da beharrezkoa dala emonaldia hasi baino 20 minutu lehenago etortea, eta, ganera, behin hasita, publikoari ez jako itxiko aretora sartzen; bertatik urten ezkero, ez da baimenduko atzera sartzerik.


Lyceum Club

Europako gainontzeko herrialdeetan emakumearen askatasunak aurrerantz egiten eban bitartean, Estaduan gitxi eta bakanak izan ziran emakumearen askapenerantz egin ziran saioak. Halanda be, patriarkaduak emakumea esparru publikoan sartzea gura ez arren, 1926an, Lyceum Club sortu zan Madrilen. Zentro honetan, emakumeek adiskidetasun personala eta profesionala lantzen eben. Horrezaz gan, euren generoaren izaera juridiko eta soziala auzitan ipintea be posible eukien, historian lehendabizikoz.


Laburpena

Gerra Zibila piztu ostean, lau emakumek alkarri idatzi deutsie, deserritik. Herriminez dagoz eta, euren burkideakaz batera, Lyceum Club sortu ebenekoa oroitzen dabe.


Personajeak

  • Pilar: Pilar de Zubiaurre Garain jaio zan. Intelektuala, idazlea, piano-jolea eta arte-merkataria izan zan. Hogeita hamar urtetik gora eman zituan Mexikon, erbestean, Gerra Zibilaren ondorioz. Anbotoren magalean dago lurperatuta, berak beti gura izan eban lez.
  • Carmen: Carmen Baroja Iruñean jaio zan. Idazlea eta etnologoa izan zan, Pío eta Ricardo Baroja idazleen arrebea. 1926an, ganbarako antzezlan bat abiatu eban, El mirlo blanco, familia-etxeko egongelan, Valle Inclán, Azorín eta Manuel Azañagaz.
  • Zenobia: Zenobia Camprubí idazlea eta hizkuntzalaria zan, Bartzelonan jaioa. Hainbat kultur proiektutan parte hartu eban eta umeen babesagaz arduratuta egoan. Emakumeen kartzeletan behar egin eban, bolondres modura. Puerto Ricon zendu zan, Juan Ramón Jiménez senarrak Literaturako Nobel Saria jaso eta hiru egunetara.
  • María: María Maeztu Gasteizen jaio zan. Pedagogia modernoaren eta espainiar emakumearen askapenaren aitzindari izan zan. Residencia de Señoritas izeneko egoitza zuzendu eta sustatu eban, eta Madrilgo Lyceum Club Femenino izenekoa bultzatu. Azken egunak Argentinan emon zituan eta Mar de Platan hil zan, 66 urtegaz.


Fitxa teknikoa

  • Zuzendaria eta idazlea: María Goiricelaya.
  • Antzezleak: Ane Pikaza, Nagore González, Olatz Ganboa, Getari Etxegarai eta Adrián García de los Ojos.
  • Produkzino-eragilea: Esmolet Podukzinoak.


Sarrerak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu