Hemen da KonektaFest

Bizkaie! 2020-11-10 08:03   Kulturea

Kulturearen eta aisialdiaren inguruko jardunaldia da.

Diseinau eizu zure ekitaldia udal programeari esker gazteen parte hartze aktiboa eragin gura da eta emoitza legez, parte hartzaileek “KonektaFest” atondu dabe, kulturearen eta aisialdiaren arloko jaialdi bat gazteentzat. Lehen asmoa da aukera seguru bat eskaintzea gazteei alkarregaz gozau ahal izateko eta alkarregaz hartu-emonak izateko.

Kontuak kontu, zemendiaren 14an, zapatuan, Bilborock-en hainbat tailer, kontzertu, umorea eta inprobisazinoa oinarri dauen antzerkia izango dira. Programa hau San Frantzisko eta Bilbo Zaharreko kultur eragileen artean landu da.

KonektaFest sortu zan gazteriari aukera seguru bat eskaintzearren eta gazteriak hain murriztuta daukanez alkarren artean konektau eta hartu-emonetan sartzeko, KonektaFestek kultur jardunaldia dakar, tailerrak, musikea, umorea eta inprobisazinoa eskaintzen dituana eta COVID-19aren kontrako protokolo eta neurrien arabera atonduta.

Jardunaldiak zati bi izango ditu: goizean, tailerrak izango dira eta, arratsaldean, musikea, umorea eta inprobisazinoa oinarri dauen antzerkia. Jarduera guztiak doban izango dira eta edukierea mugatua.

Tailerrak San Frantzisko eta Bilbo Zaharreko eragile batzuekaz alkarlanean asmau dira. Afro-kulturearen eta afrikar oihalen inguruko tailer bat izango da, Ker Fatou-ren eskutik eta gai birziklatuakaz musika tresnak sortzeko beste bat, Tunipanea-ren eskutik; era berean, berbaldi-alkarrizketa bat be atondu dabe Afroféminas kolektiboaren babesari esker.

Arratsaldean, Bilborock-ek jai giroa izango da nagusi: Lorelei bilbotar kantari gazteak ekingo deutso eta, ostean, Bocabeats Comedia euskal bikotearen ekitaldia izango da; gero, Luka B gazteak (Euskal Herriko 2019 Beatbox Txapelketan txapeldunorde izan zan), beatbox saio bat eskainiko dau eta jenteak parte hartzekoa izango da; azken eskaintza bikaina, Bidean Erromeriako gazteen eskutik etorriko da. Horrezaz gan, Jamming madrildar konpainia be tartean izango da, 16 urteko ibilbidea dauena inprobisazinoa oinarri dauen antzerkian.


Egitaraua

11:30-12:15 Afro-kulturearen eta afrikar oihalen inguruko tailerra (Ker Fatou). 6 plaza.

11:30-12:15 Musika tresna birziklatuen tailerra (Tunipanea). 6 plaza.

12:00-13:30 Berbaldia Afroféminas kolektiboaren eskutik. 10 plaza.

13:00-13:45 Afro-kulturearen eta afrikar oihalen inguruko tailerra (Ker Fatou). 6 plaza.

13:00-13:45 Musika tresna birziklatuen tailerra (Tunipanea). 6 plaza.

18:00-20:45 Musikea, umorea, beatboxa, antzerkia eta erromeria.

Jarduera batean edo bestean parte hartu gura izan ezkero, izena emotea nahitaezkoa da, doban (Zemendiaren 14ra arte); horretarako, Bilbao Gazte webgunean dagoan inprimakia bete behar da.


Diseinau eizu zure ekitaldia

Bilboko Udalaren programea da, helburutzat gazteen parte hartzea, ekintzailetasuna, sormena eta esperientzia-trukea eragitea dauena eta, aldi berean, gazteak ahalduntzea, horretarako, hainbat tresna eskainiz, etorkizunean euren ekimenak kudeatu deiezan.

Joandako zezeilean, 18 gazte, Bilbon bizi edo ikasten dabizenen artekoak, formazinoko eta lagun egiteko prozesuari ekin eta kultur kudeaketako eta ekitaldiak antolatzearen inguruko ezagutzak hartu ditue. Lan hori zemendiaren 14an amaituko da, KonektaFest ospakizunean.

KonektaFesten asmo, eduki, diseinu eta antolaketearen aitzindaritzan gazte talde bat ibili da eta Diseinau eizu zure ekitaldia izeneko ekimenean parte hartu dabe 12 astean zehar. Tarte horretan, aholkularitzea eta lagun egite prozesuan babes profesionala jaso dabe kultur ekitaldien sektorearen aldetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu