'Lemoiz Gelditu' Bilbon
2020-11-09 13:46 KultureaHorma-irudi erraldoia orain gitxi dohaintzan emon jako Bilboko Arte Eder Museoari.
Prentsaurrekoan izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako bozeroailea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinoaren lehendakaria, Iskandar Rementeria, arte-ikertzailea, musikaria eta UPV/EHUko irakaslea eta Miguel Zugaza, museoko zuzendaria.
Lana 1980an pintau eben Vicente Ameztoy-k, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala Arrastalu-k, Herrikoi Topaketak jardunaldietan, Bilboko Erakustazokan egin ziranak, Lemoizko (Bizkaia) zentral nuklearra eregitearen kontra.
Urte bizi-bizia izan zan 1980a mobimendu antinuklearrarentzat: Euskal Herrian ezarri gura zituen zentral nuklearren kontra jarri ziran herritarrak eta ekintzaz beteriko hilebeteen ostean, zemendiaren 8ko eta 9ko Bilboko Erakustazokako Lemoiz gelditu jaialdi erraldoira heldu ziran. Ekitaldi haretatik 40.000 lagun baino gehiago pasauko ziran gerora; danetarik entzun eta ikusi eitekean: musikariak, bertsolariak, 50 film-proiekzino baino gehiago... Eta mobimenduak antolatutako ekintzen artean, besteak beste, Jose Luis Zumetak, Karlos Zabala Arrastalu-k eta Bixente Ameztoik alkarlanean margoztu eben horma-irudia.
Berrogei urte geroago, Otxandioko Udalak eta Andikona Alkarteak Bilboko Arte Eder Museoaren esku laga dabe obrea, izan be, jardunaldi antinuklearrak amaitu ziranean, koadroa osotzen eben zatiak herri-erakunde baten lonjan gordeta egon ziran, egoera nahiko makurrean. Birritan ikusi ahal izan eban publikoak 80. urtetik antolatutako erakusketetan. Margoa degradetan egoala ikusita, Jose Luis Zumetaren tailerrera eroan eta zaharbarritu eben; ondoren, Otxandioko kiroldegian egon da gordeta, herri horretako udalari gordailuan itxi ostean.
Gai honegaz lotuta, Iskandar Rementeria berak (EHU/UPVko irakaslea, musikaria eta arte-ikarlaria) berbaldia emongo dau lan honen inguruan; barriketaldiak Lemoiz gelditu horma-irudiari buruz izena izango dau eta Bilboko Arte Eder Museoaren webguneko Youtube-kanalean eskainiko da, urtarrilaren 22tik aurrera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!