Eutsi ederrenari!
2020-11-09 07:50 KultureaAstra martxan dago eta egongo da.
Gernikako Astrako komunidade ederrenari eusteko deia egiteko batu gara. Bizi dogun egoera honetan ardurea bizitza duinari eustea be badalako: alkartasunari, autogestinoari, sortzaileak, militanteak, zaintzaileak, osasun arloko langileak, kulturzaleak babesteari...
Bertan batzen eta antolatzen dan komunidadea garaiotara egokituta dabil sortzen. Ahal dalako, beti ahal da, beti dago egiteko modu bat; egin daigun bidea arrakalen artean, eutsi deiotsagun ederrenari. Eutsi bizitzeari, batzeari, kulturaz gozeteari, burrukeari, sormenari, alkartasunari, ames egiteari.
Ardurea ez da bakarrik segurtasuna bermatzea; ardura ez da bakarrik gure arteko distantziak gordetea, eskuak garbitzea edo maskarea janztea. Segurtasuna bermatu behar dogu, bai, baina ardurea bizitza duinari eustea be bada.
Abenduaren 24an, 15 urte beteko dira Astra okupau genduanetik eta hemen gara, herriak salbau leike herria, mobimentuan dagoan herriak sortu leikez bere burua babesteko neurriak.
Sasoi larria bizi dogun arren, jarritu daigun beharrean, alkartasun eta autogestino sareak eregiten, babestu daiguzan eta batu gaitezan sortzaileak, jagoleak, osasun arloko beharginak, kulturako profesionalak...
Ezin ditugu ahaztu azken hilebeteotan bide horretan lan egin daben persona eta eragileak: Gernika-Lumoko Zaintza Sarea; eskualdeko osasungintzako, edadekoko egoitzetako, hezkuntzako langileak; modu batera edo bestera ondokoak jagoteko lanean ibilitako personak; pandemiaren aurrean kulturaz gozetako martxan ipinitako Berakatz Zopa ekimena; Astra iluntzeak; Iparragirre Rocken egitarau ederra; orain be egunero lanean jarraitzen dauen jentea.
Aitamen berezia egin nahi deutsagu 20 urtez Gernikako kulturgintzea elikatu dauen Trinkete Antitxokoari. Gora zuek!!!
Ezin dogu ahaztu lana galtzeko arriskuan gagozala asko, edo galdu dogula, adibidez, ostalaritzako beharginek; etxe-kaleratzeak ez dirala gelditu; papel eta etxe barik dagozala herrikide asko; ez dakigula alokairua edo hipotekea pagetako dirua eukiko dogun.
Mezu bat politikari profesionalei eta erakunde publikoei, ez gastatu dirurik behar ez ditugun porlanezko obra eta apaingarrietan. Lehentasuna eman beharrezkoenari; pertsonentzat beharrezkoak diren premiei.
Guri jagokuigunez, antolatzen eta ekimenak aurrera eroaten jarraituko dogu. Lanera joatea segurua bada, kultur ekimen batera edo bilera batera joatea be ez dogu baztertzen, segurtasun neurriak hartuz. Eta ez dogu kultur programazino osoa instituzinoen esku itxi nahi, espazio autogestionatuetako egitarauak behar ditugu.
Astra martxan dago eta egongo da. Bertan batzen eta antolatzen den komunidadea garaiotara egokitutako egitaraua dabil antolatzen, gaur argitaratzen doguna. Era berean, kanpaina ekonomiko bat jarriko da martxan laster Astraren sostengagarritasuna bermatzeko.
Gauzarik ederrenak ezinezkoak dira saiatu eta lortzen diran arte.
Horregatik, gaur hemen bat eginik, baikortasuna eta itxaropena kutsatu nahi ditugu. Ahal dalako; beti ahal da, beti dago egiteko modu bat; egin daigun bidea arrakalen artean, eutsi deiotsagun ederrenari: bizitzeari, batzeari, kulturaz gozetaeri, sormenari, burrukari, alkartasunari, ames egiteari.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!