HiTZ zentroa aurkeztu dau UPV/EHUk, hizkuntza-teknologien arloko ikerketa-zentro erreferentea

Bizkaie! 2020-11-06 08:10   Kulturea

UPV/EHUko IXA eta Aholab ikerketa-taldeek egin dabe bat zentro barrian.

Bart aurkeztu dabe UPV/EHUko HiTZ zentroa, hizkuntza-teknologien arloan erreferente izateko helburu dauen ikerketa-zentroa. Transformazino digitalaren eta adimen artifizialaren erronka eta aukera barrien aurrean, ezinbesteko bihurtu da hizkuntza teknologien ikerketan sakontzea. Horretarako, UPV/EHUko ikerketa-talde bi batu dira: IXA Taldea eta Aholab, eta 60 kide inguru ditu, irakasle, ikertzaile, teknikari eta doktoretza-ikasleak kontuan hartuta. Formakuntzan, ikerketan eta teknologiaren transferentzian dabiz dagoeneko zentroan.

Euskal Herriko Unibersidadeko Informatika Fakultadean dau egoitzea HiTZ zentroak, hizkuntza-teknologien arloko ikerketa-zentroak. Oraintsu sortutako zentroa da, baina ez, ostera, ha osotzen daben ikerketa-taldeak: IXA Taldeak 30 urteko ibilbidea dau idatzizko edukien tratamenduan eta Aholab taldeak 1998tik dabil ahozko edukien tratamenduan. 2002tik lankidetzan dabiz ikerketa-talde biak eta orain HiTZ zentroan egin dabe bat, “hizkuntza teknologien arloan nazinoarteko erreferentea izateko, baita Euskal Herria ikerketa eta garapen-gune garrantzitsu bihurtzen laguntzeko be, adimen artifizialaren inguruko beste eragileakaz batera, dino Eneko Agirre Bengoa HiTZ zentroko zuzendari eta IXA Taldeko irakasle osoak.

Hainbat aplikazinotan idatzizko nahiz ahozko edukiak erabili behar izaten dira eta, horrenbestez, IXA eta Aholab taldeek besoz beso eta modu osogarrian lan egin dabe proiektu askotan, punta-puntako prototipo eta aplikazinoak lortzeko. Egun 36 ikerkuntza-proiektutan dabiz beharrean, horreetako seitan Europan eta AEBetan. Azken urtean 78 artikulu sortu ditue eta maila goreneko aldizkari eta kongresuetan argitaratu ditue.

Hizkuntza-teknologien gaia ertz askotarikoa izanik, diziplinarteko adituen talde zabala batzen dau HiTZek: informatikariak, hizkuntzalariak, injineruak, itzultzaileak eta soziologoak, besteak beste. Danetara, 60 kide inguru dira, teknikariak eta ikertzaileak (irakasleak, doktoretza ondokoak eta doktoretza egiten dabizenak) kontuan hartuta.

Transformazino digitalaren aroan nazinoarteko aktore izateko lanean Hizkuntzearen teknologiek gure inguru teknologikoa iraultzen dabiz: internetako bilaketak, itzulpen automatikoa, ahotsaren bidezko alkarrizketarako agente eta laguntzaileak Hiru alderditan ibilten dira jardunean HiTZ zentroan: formakuntzan, ikerketan eta teknologiaren transferentzian. Formakuntzeari jagokonez, Erasmus Mundus labeldun nazinoarteko masterra eskaintzen dabe, hizkuntzearen teknologien inguruko doktorego-programea, bai eta Deep Learning tekniken inguruko nazionarteko ikastaroa be. Donostiako Informatika Fakultadean oraintsu eratutako adimen artifizialeko graduan be zeregin garrantzitsua dabe. Ikerketan, hizkuntza-teknologietako punta-puntako hainbat adarretan dabiz beharrean, informazinoaren erauzketa eta analisitan eta gizaki-ordenagailuetan zein itzulpengintza automatikoan be. Teknologiaren transferentziaren alorrean, azkenik, enpresei idea barritzaileen inguruan aholkularitzea emoten deutse, bai eta prototipo industrialak sortzen lagundu be. Joan dan urtean enpresakaz 34 kontratu izan zituen.

Hizkuntzen teknologien bitartez, mundu digitalean euskerearen presentzia bermatzea be bada HiTZen helburu garrantzitsua. Horretarako, oinarrizko baliabideak eta tresnak sortu eta mantentzen ditu, terminologia batuz eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera hizkuntzaren teknologiak bultzatzeko plana lantzen dabil. Azken urteotako lanari esker, euskereak hizkuntza txiki bati jagokozanak baino kalidade hobeko baliabideak eta teknologia ditu.

Teknologia transbertsala izanik, gizarteari ekarpenak egiten jabilko hainbat arlotan. Adibidez, ezgaitasuna daben personak ingurune digitaletik kanpo gelditu ez daitezan, HiTZ zentroko ikerketek ahotsa galdu dabenn personei ahotsa barriro izatea erraztu dieutse. Humanidade digitaletan, prentsan eta
sare sozialetan gehien aitatzen diran persona eta gaien inguruko eretxiak aztertzeko softwarea kasu. AEBetako gobernuak bultzatutako txapelketan COVIDaren inguruko galderak modu automatikoan erantzuten dituan sistemak saria irabazi dau.

Nazinoartean adimen artifizialean eta hizkuntzen teknologietan gako diran sare eta partzuergoetako kide dira HiTZeko ikertzaileak, CLARIN, CLAIRE, BDVA eta DAIRO. Hizkuntzen bardintasun digitalerako agenda estrategikoa idatziko dauen European Language Equality (ELE) proiektuko bazkide nagusi be bada. Holan, beraz, posizino egokian dago nazinoarteko erreferente bilakatzeko eta Euskal Herria adimen artifizialeko ikerketa eta garapen-gune garrantzitsu bihurtzeko, dino Agirrek.

Ondoren, Eduard Hovy Carnegie Mellon Universityko irakasleak berbaldii bat emon dau, hizkuntzearen teknologiak bizi dauen momentu bereziari buruz. Haren ustez, teknologia horrek iraultzea ekarri deutso komuniketako dogun moduari eta momentu egokia da noraino heldu daitekeen pentsetako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu