'Ez Dok Ero' antzerkiaren estreinaldia

Bizkaie! 2020-11-05 12:38   Kulturea

Tartean Teatroa taldeak ikuskizuna zemendiaren 10ean eta 11n aurkeztuko dau, Arriaga Antzokian.

Konpainiak berak sortu eta produzidutako antzezlana da Ez Dok Ero, etxe-etxean egindakoa. Gidoia Patxo Telleriak idatzi dau eta zuzendaritza-beharretan Jokin Oregi ibili da. Aktoreak ED3 osotzen daben Mikel Martinez eta Patxo Telleria dira. Jatorrizko musikea Adrian Garcia de los Ojosek sortu dau. Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osotzen daben ED3 bikote artistikoaren lan danatan lez, ikuskizun honetan euskerea eta euskal kulturea dira protagonista nagusiak.



Ez Dok Ero  Euskal Antzerkiaren road movie baten parekoa dogu: euskal kulturea, euskal antzerkia eta euskal gizartearen irudi nahasia eta barregarria eskaintzen dau. Literatura unibersaleko arketipo ezagunenetako batera jo dabe sortzaileek, izan be, Mikelek On Kixoteren irudia ekarriko deusku akordura: erabateko idealismoa, mesedea egiteko gogo eutsiezina, arrakastea lortzeko pasinoa edo errealidadearen interpretazino eszentrikoa jaun eta jaube dira. Patxok Santxo Panza baten itxurea hartuko dau: bere pragmatikotasuna, anbizinorik-eza eta baldarkeria nabarmentzen jakoz.


Antzezlanaren sinopsia

Mikelote eta Pantxo bikote artistikoa deformau egin da: euren formula komikoa agortuta egoan eta belaunaldi barriek euren lekua okupau dabe. Pantxok ondo hartu dau behartutako erretiro hori; eszenatokietatik urruntzeko gogoa eukan aspaldidanik, bizimodu lasai eta normalizadua desiratzen eban, artearen zurrunbilotik urrun; dana dala, Mikelotek ez dau amaierea onartu gura. Antzerkiaren pozoina sakon errotuta dago bere zanetan, eta pozoi horrek burua galtzea eragingo deutso.

Egun baten, Mikelote, antzerkilari estrafalarioa Pantxoren bila abiatuko da, trasteak hartu eta Euskal Herrian barrena joateko, hau da, herriz herri antzeztera, Euskal Antzerkiak Behar Gaitu lelo inozopean. Halan, ibilbide fantastiko bat egingo dabe, hamaikatxu abentura zoro biziz. Mikeloteren imaginazinoak sorturiko personaje harrigarriak ezagutu eta egoera korapilatsuetan endredauko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu