Bizilabe egungo egoerara egokituko da, online saioak eskainiz

Bizkaie! 2020-11-04 13:29   Kulturea

10-17 urte bitarteko gazteek STEAM edukiak lantzen ditue Bizilaben.

Covid-19aren pandemia geldiarazoteko hartutako segurtasun-neurriak dirala eta, zemenditik aurrera, online eskainiko da Elhuyar-ek eta udalek antolatutako Bizilabe aisialdi-jarduerea. Holan, Bilbo, Elgoibar eta Tolosaldeko 10-17 urte bitarteko gazteek euren etxeetan egingo ditue zientzia eta teknologia-jarduerak.

Horretarako, Elhuyar-ek atondutako online plataformea erabiliko dabe gazteek. Horregaz batera, material ugari izango dabe erabilgarri eta, zientzia-hezkuntzan espezializautako gidariagaz eta ganerako ikaskideakaz batera, hainbat erronka egingo ditue zuzeneko saioetan. Bizilaberen online plataforman, zuzeneko saioez gan, bideoak, argitalpenak, zientzia eta teknologia-erronken dokumentu idatziak edota esteka interesgarriak topauko ditue.

Elhuyarrek 2011tik landutako metodologiatik abiatuta, 10-17 urte bitarteko gazteek STEAM edukiak lantzen ditue Bizilaben. STEAM siglek (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) zientzia, teknologia, injinerutzea, artea eta matematikak batzen ditue.

Euskal Herriko gazteentzako ikerketa-sarea izatea dau helburu Bizilabek eta, bide horretan, 2020-2021 ikasturtean, Bilboko Udalak, Elgoibarko Udalak eta Tolosaldea Garatzen garapen-agentziak, Elhuyarregaz alkarlanean, euren herri eta auzoetan eskainiko dabe Bizilabe. Orain arteko ibilbidean, 2.400 bat gaztek hartu dabe parte Bizilabek eskaintzen dituan formatuetan (% 49 neskak eta % 51 mutilak).

Hasi barri dan ikasturtean, 76 gazte ibiliko dira online egingo dan Izan ikertzaile eta asmatzaile programan; 31 neska eta 45 mutil.

Bestalde, egoereak ahalbidetzen dauenean, onlinetik presentzialerako saltoa egingo da barriro eta herrietan zientzia eta teknologia-jarduerak antolatuko dira, gune bakotxeko Bizilabe komunidadeak handitu eta sarea sendotzeko asmoz, gazteek zientziagaz eta teknologiagaz bizipen positiboak izan deiezan eta inguruko profesionalak eta profesinoak ezagutzeko helburuagaz. Era berean, Bizilabe Euskal Herriko beste hainbat uri eta herrietara zabaltzeko pausuak emoten dabil Elhuyar.

Oraindino be badago aukerea hasi barria dan 2020-2021 ikasturtean izena emoteko:

Bilbo
Elgoibar
Tolosaldea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu