'Otl Aicher. Metro Bilbao. Arkitekturea eta Paisajea'
2020-11-04 09:09 Kulturea2020ko zemendiaren 5etik 2021eko zezeiletaren 28ra ikusi daiteke Bilbon.
Metro Bilbaoren 25. urteurrenaren harian (Zemendiaren 11n), Bilboko Arte Eder Museoak Otl Aicherri (Ulm, 1922–Günzburg, 1991) eskainitako nazinoarteko lehen atzera begirakoa aurkeztuko dau. Aicher XX. mendeko eragin handieneko diseinatzaileetako bat izan zan eta horren erakusgarri, berrehun lan eta objektu baino gehiago batu dira, HfG-Archiv Ulmetik ekarriak (Ulmeko Diseinu Goi Eskolako Artxiboa, Alemania).
Aicherrek Metro Bilbaoren nortasun grafikoa sortu eban –haren proiektuko argitaratu bako 80 lan erakutsiko dira–, bai eta beste lan nabarmen batzuk be, Braunentzat, 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetarako edo Bulthaupentzat egindakoak, besteak beste, eta horiek guztiak haren sormen-askatasun bikainaren eta zehaztasun intelektualaren lekukotzak dira.
Orain arte Otl Aicher diseinatzaile grafiko alemaniarrari eskainitako erakusketarik handiena dakar museoak, HfG-Archiv Ulmetik (Alemania) etorritako berrehun obra eta objektu baino gehiagogaz. Horreen artetik nabarmentzekoak dira Metro Bilbaorako proiektuaren 80 marrazki argitaratubakoak eta Norman Foster Foundationen artxibotik ekarritako dozena bat marrazki eta argazki, Foster eta Aicherren arteko lankidetzearen emoitzea. Horreez gan, Aicherren beste lan ospetsu batzuk be erakutsiko dira: Braun etxearenak, Municheko Olinpiadak '72, Bulthaup edo Isny Allgäurenak eta Rotiserako, bizileku eta lantoki bihurtu eban nekazaritzako gune zaharrerako egindako arkitektura proiektuen material barriak, argitaratu bakoak horreek be.
Otl Aicher XX. mendearen bigarren erdiko europar diseinatzaile erabagigarriena da. Inge Scholl eta Max Billegaz batera, Hochschule für Gestaltung Ulm eskolea sortu eban 1951. urtean eta bertako zuzendari izan zan Tomas Maldonado eta Hans Gugelotekin batera, 1954ko zezeiletik aurrera. Bertan osotu ziran 1958tik aurrera Entwicklungsgruppe deituak (garapen taldeak), besteak beste, Lufthansa, Hanburgoko metroa edo Braun enpresentzako diseinu proiektuak egin zituenak.
Europa erdialdeko diseinu grafikoaren tradizinoaren oinordekoa da Aicher. Erretikulak erabilten ditu espazioa egituratzeko eta askatasunez apliketan dau sistema hori; ordena geometriko bera azpiratzen dau konposizioak holan behar dauenean, diseinu egituratu baina maila bisualean aktibo bat sortzeko: Zorroztasunaren eta askatasunaren arteko konbinazinoak, Ulmeko eskolatik Josef Albers edo Alexander Klugeren mailako intelektualen arteko hartu-emonak; horreei esker, aparteko diseinatzaile bihurtzen dabe Aicher.
1980ko hamarkadatik aurrera, Aicherrek Norman Fosterregaz lan egin eban haren lanaren argitalpenetan. Hartu-emon horreen ondorioz, 1988-1989 urteetan Metro Bilbaoren irudi korporatiboa egiteko agindua emon jakon. Proiektua arkitekturearen eskutik sortu zan eta uria zein Euskadiko kultureari eta paisajeari buruzko ikerketak dira haren komunikazino sistemea zehazten daben elementuak. Otl Aicherren ibilbideko lan nagusietako bat da hori, Munich '72 eta Bulthaupe etxearentzat egindako lanakaz batera.
Gillermo Zuaznabar da erakusketearen komisarioa. Universitat Rovira i Virgili (Tarragona) unibersidadeko Artearen eta Arkitekturearen Teoriaren Saileko ikertzailea eta irakaslea da Zuaznabar.
Aurkezpen ekitaldian izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako bozeroailea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinoaren presidentea; Unai Rementeria, BFAko Ahaldun Nagusia eta Metro Bilbaoren presidentea; Eneko Arruebarrena, Metro Bilbaoren zuzendaria; Gillermo Zuaznabar, erakusketearen komisarioa eta Universitat Rovira i Virgili (Tarragona) Unibersidadeko Artearen eta Arkitekturaren Teoriaren Saileko irakaslea eta ikertzailea; eta Miguel Zugaza, museoaren zuzendaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!