Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak 60.00 euro bideratuko ditu emakume sahararrentzako
2020-11-04 08:24 KultureaEuskal Fondoaren bitartez egingo da inbersino solidarioa.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak berretsi egin dau gaur munduan egoera txarrenean dagozan giza taldeen aldeko konpromisoa, Euskal Fondoagaz (Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Alkartea) sinatutako hitzarmenaren bitartez. Ana Otaduik eta Ernesto Sainzek, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Euskal Fondoaren arduradun nagusiek, hurranez hurran, sinatu dabe Mendebaldeko Saharako emakumeen giza eskubideen bortxaketearen aurrean ikertzen laguntzeko esparrua ezartzen dauen akordioa. Horren bitartez, Saharako emakumeen egoerea erakutsi gura da. Batzarrek berretsi egin dabe erakunde horregaz daben konpromisoa, eta aurten be 60.000 euroko diru-laguntzea emongo dabe. Lankidetzarako hitzarmena 2021eko urriaren 31ra arte egongo da indarrean, eta Hegoa alkarteak gauzatuko dau.
Proiektuaren kostu osoa 91.397 eurokoa da (beste 25.000 euro Arabako Batzar Nagusiek jarriko ditue, eta ganerakoa Euskal Fondoak) eta helburua, Mendebaldeko Saharan Giza Eskubideen arloan sakontzeko estrategia bultzatzea eta gauzatzea da, Giza Eskubideen bortxaketen biktimen inguruko ikerketan oinarrituta. Kasu honetan, Batzar Nagusien eretxiz, Saharako emakumeek jasaten daben bidebakotasun eta egoerea arintzeak lehentasuna dauka.
Lankidetzearen mamina, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari (RASD) laguntzeko garapenerako lankidetzagaz lotutako jarduerak egitea da, zehatzago esanda, esku hartzeko eremuetan lankidetzako hainbat ekintza sartzen dira, bertan eta Euskadin lantaldeak sortzea, beste batzuen artean. Horrezaz gan, sensibilizazinoa eta hezkuntzea ardatz hartutako beste ekimen batzuk be egingo dira, Marokok eragindako indarkeria politikoaren biktimei eta senideei laguntzea eta aholkularitza juridikoa emotea, okupautako Aaiunen batzeko eta behar egiteko puntu bat segurtatuz.
Mendebaldeko Saharako emakumeen giza eskubideen gaia ikusiarazoteko eta hareen lekuan jarteko sensibilizazinoko eta eraginezko ekintzen artean, Genero eta Giza Eskubideen Taldeko ordezkari batek Marokok Mendebaldeko Saharako emakumeen giza eskubideen kontrako urraketen ganeko txostena aurkeztea aurreikusten da, oso garrantzitsuak diran lekuetan: Genevan, Madrilen eta Euskal Autonomia Erkidegoan.
Hitzarmenak sahararren eta, batez be, emakume sahararren, giza eskubideen urraketea salatu gura dau, azaldu dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Bizkaiko herria solidarioa dala eta haren legebiltzarra be solidarioa izan behar dala defendidu dau. Beste alde batetik, Ernesto Sainz Euskal Fondoaren presidenteak azpimarratu dauenez, hitzarmen hau sinatuta, beste pausu bat emon dogu Mendebaldeko Saharan giza eskubideak errespetetearen, indarrean egotearen eta exijidutearen aldeko konpromisoan, biktimei egia, justizia eta ordaina emoteko eskaerak bultzatuta.
Sinadura ekitaldian M. Limam Mohamed Ali Fronte Polisarioaren Euskadiko ordezkaria, Juanma Balerdi Euskal Fondoaren zuzendaria, Ioana Osa Euskal Fondoaren Sahara Lankidetza Unidadeko arduraduna eta Emilio Lobato, Bigarren Idazkaria be egon dira.
Euskal Fondoak garapen bidean dagozan herrialdeakaz lankidetzea bultzatzen dau, garapen ekonomikoa eta soziala sustatzen daben proiektuak bultzatuz, finantziau eta kudeatuz, bardintasuneko, alkarlaneko eta komunidade bakotxaren berezko kulturak errespetetearen aldeko erespideakaz. RASD Euskal Fondoaren lehentasunezko eremua da. 2003an, Euskal Fondoak Sahara Koordinazino Unidadea (SKO) sortu eban eta Unidade horrek Saharako agintarien, euskal erakunde publikoen eta Fronte Polisarioak Euskadin dauen Ordezkaritzearen arteko alkartasunezko jardueren mosaikoa koordinetan dau. Bizkaiko Batzar Nagusiek sahararrei laguntzea erabagi dabe, Bizkaiaren eta RASDen artean dagozan alkartasun, adiskidetasun eta lankidetzarako loturak dirala eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!