'Noraezenan, erretratu-misinoa euskal paisajeetatik'
2020-11-04 08:01 KultureaJon Gorospe (erretratugilea) eta Xabier Erkiziaren (soinu-artistea) eskutik.
Erretratugintzea asmau eta gitxira, erretratu-misinoak jarri ziran martxan, Frantzian batez be: enkarguz egindako bidaiak eta proiektuak, urrutiko paisajeak, tradizinoak edo gizarteak ezagutzera emotea ebenak helburu. Jarrera horri jarraituz eta aitzindari horreen lekuko estetiko zein kontzeptuala batuz, Jon Gorospe gasteiztarra, flâneur digital bihurtuta —Internetetik noraezean eta helmuga finko barik dabilen ibiltaria—, sarean sartu da eta sarean dagozan mapa eta kale-izendegietatik ataratako Euskal Herriko ehun irudi birfotografiau ditu. Plataforma digital horreetako erabiltzaileek igon ditue irudi horreek Internetera; orain dala makinatxu bat urte gure kale eta errepideak eskaneetan dituan Google erraldoiaren kamerek oraindino gorde ez dituen bazter batzuk erregistretan ditue irudiek, lurraldeko mapea handitzeko.
Gorospek egindako esplorazino digitaletik datorren fitxategia euskal lurralde urbanizaura mugatu da maila geografikoan eta arretea jarri dau helburu urbanistiko, industrial edo estetikoakaz era artifizialean aldatu diran paisajeetan, besteak beste, honako honeetaraa zuzendu dau begiradea: portuei, industria-guneei, pasealekuei, plazei, unibersidade-campusei eta kiroldegiei.
Hemen aurkeztutako irudien bidez zenbait ondorio atara daitekez. Deigarrienak eta nabarmenenak erreferentzia egiten deutso eregitako lekuen etenbako homogeneizazinoari, bai eta hango eraikuntzak leku batetik bestera aldatzeko gaitasunari eta despersonalizazinoari be. Pausu horreenn bidez, paisajearen zero mailara bideratu gaitue. Halan da be, itxaropena dago oraindino, ez baita guztiz gauzatu prozesua. Nortasun bat —euskal nortasuna, kasu honetan— eregiteko balio izan eben zenbait ikur ikusgai dira oraindino.
Proposamen bisual honegaz batera aurkeztutako soinu-konposizinoa deriba batetik be sortu da, erretratugileak egindako antzeko ariketa batetik. Xabier Erkiziak berak asmautako soinumapa.net izeneko soinu-mapearen doinuak grabau ditu, aldatu eta ausaz zatitu ditu. Emoitzea hauxe izan da: Euskal Herriko landa-grabazinoez osotutako lana; zati horreek ezaguterrazak dira batzuetan eta beste batzuetan ez. Soinu-espazio horren bidez ez da erakusketa hau ilustrau edo girotu gura, beste modu batez arretea jartea eskatzen jako ikusleari, entzuteko prozesuan sartu eta desenfokautako erretratu horreek enfokau daizan.
Noraezean erakusketeak hurreraketa barri bat eskaintzen deusku Euskal Herriko paisajeetara —hipererregistrauta eta hiperfotografiauta dagoan eta zama historiko zein sinboliko handia dauen horretara—, algoritmoak, soinuak, sareak eta ingurua hartzen baititu barruan. Euskal paisajeari buruzko idea eguneratzen dauen eta horri esangura barria emoten deutson begiradea da.
Erakusketea zabalik egongo da zemendiaren 5etik 29ra, Romo Kultur Etxean (Santa Eugenia 1, 48930 Getxo). Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!