DA! PRO egitasmoa musikari eta programatzaileen arteko topagunea izango da aurten be
2020-11-03 09:19 KultureaMusikariak eta programatzaileak hartu-emonetan ipintea da helburua.
Edizino berezia izango dau aurten Durangoko Azokeak. Abenduaren 4tik 8ra denda birtuala izango dau lehen aldiz, baita zuzeneko egitaraua be, Landako Gunean eta Plateruenan. Barritasunez jositako edizinoa izango da, beraz. Aurten Azokako guneak eta egitaraua goitik behera aldatuko diran arren, badira bere horretan geratuko diran ekitaldi eta proiektuak be eta Horren adibide da igaz lehenengo aldiz antolatu zan DA! PRO egitasmoa, musikari eta programatzaileen arteko topagunea. Edizino honetan be Azokako lehenengo egunean egingo da, abenduaren 4an, baina leku ezbardin batean, Durangoko San Agustin Kulturgunean, hain zuzen be. Goizeko 09:00etatik 14:00ak arte, bertan batuko dira Euskal Herriko musikariak programatzaile eta musika industriako kideakaz batera.
Musika Bulegoagaz alkarlanean, ekimen honek helburu bikotxa izango dau: Alde batetik, euskeraz musikea sortzen daben musikariek euren proiektuak Euskal Herriko programatzaileei aurkezteko aukerea izango dabe. Bestetik, programatzaileek (areto pribatu zein publikoetako kudeatzaileak, jaialdietako antolatzaileak, udal teknikariak...) bertatik bertara musika sektoreko sortzaileak ezagutu eta proposamenak jaso ahal izango ditue.
Musika talde eta bakarlariek 10 minutuko aurkezpenak egingo ditue, doban, nahi daben formatuan (aurrez aurreko saioak egiteko set-a egongo da).
Aurkezpenak euskeraz
Izena emoteko epea zemendiaren 13ra arte egongo da zabalik. Musikariek www.durangokoazoka.eus webgunean dagoan galdetegia bete beharko dabe. Programatzaileek, ostera, Musika Bulegoaren bidez emon beharko dabe izena, ruth@musikabulegoa.eus e-posta helbidean edo 688 84 31 19 zenbakian. Dudak
argitzeko gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera idatzi daiteke.
Igaz 17 musika-taldek parte hartu eben DA! PRO egitasmoaren lehenengo edizioan, eta bai antolakuntzak zein parte-hartzaileek ekimenaren balorazio positiboa egin zuten, hainbat kontratazio aukera sortu zirelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!