AE-IC alkarteak Ramón Zallo saritu dau
2020-11-02 13:41 KultureaKomunikazinoko Ikerketearen Espainiako Alkarteak komunikazioko ikerketan emondako bizi osoari omenaldi nazionala egin deutso UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileari.
Autortza hori Komunikazinoko Ikerketearen Alkarteak urriaren 28an eta 29an Valentziako Unibersidadean eginiko Nazinoarteko VII. kongresuan jaso eban. Erakundeak, besteak beste, ekonomian eta kultur industriatan eginiko lan oparoa azpimarratu eta haren konpromisoa goraipau eban: Euskal Autonomia Erkidegoko politika publikoetako aholkulari eta kudeatzaile lez bete dauen rola gogoan hartuta.
Zallok, ostera, omenaldiagaz hunkituta dagoala ziurtau dau: Izan bere, nire ikerlanak komunikazinoan aditua dan unibersidadeko komunidadearentzat erreferente erabilgarriak dirala eta Komunikazinoko Ikerketako Espainiako Alkarteak (AE-IC) nire ikerketeak ibilbideari autortza egiten deutsola esan gura dau. Ekitaldi hau, neurri baten, agur bat da, baina baita jarraipen bat be, zeregin horretarako alkartearen esanetara jarraitzen dodalako ohorezko kide modura.
Ibilbide luzea
Ramón Zallo, Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna izateaz gan, Informazino Zientziatan doktorea da, Ikus-entzunezko Komunikazinoko katedraduna UPV/EHUn eta, gaur egun, irakasle emeritua. Komunikazinoaren eta kulturearen industrien ikerketean aitzindaria izan zan. Berak azaldu dauenez, hasierako urte hareetan, jarrera kritikoagaz, soziologia funtzionalistea eta ekonomia mikroa gainditu behar ziran, ikuspegi teoriko, egiturazko, geografiko eta sektorial bat emoteko eta, holan, komunikazinoaren eta kulturearen ekonomia bat formalizau, ekonomiak eta merkataritzeak kulturearen eta digitalen munduan daben lekua argituteko.
Lan zein artikulu frankoren egilea da; ganera, liburu barri bat inprimategian dauka, argitaratuteko prest.
Kudeaketa publikoaren alorrean, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuaren aholkularia izan zan komunikazino, ikus-entzunezko eta kulturearen esparruetan, 2002-2009ra arteko legegintzaldietan. Zazpi urtez, Komunikazinoko Ikerketearen Espainiako Alkartearen (AE-IC) Komunikazino Egitura eta Politiken Sailaren zuzendari lanak bete zituan; horrezaz gan, Informazino, Komunikazino eta Kulturearen Ekonomia Politikoko Batasun Latinoko (ULEPICC) Espainiako ataleko lehendakaria be izandakoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!