Iruñeko eta Nafarroako Erresumako errege-erreginen euskerazko izenak arautu ditue
2020-11-02 13:21 KultureaEuskaltzaindiak 192. araua argitaratu dau.
Eneko Enekoitz edo Eneko Aristea, Antso III.a Gartzeitz edo Antso Nagusia, Tibalt II.a edo Tibalt Gaztea, Joan II.a edo Joan Usurpatzailea, Zuria I.a, Joana III.a edo Joana Albretekoa...
Euskaltzaindiak 192. araua argitaratu dau (Iruñeko eta Nafarroako Erresumako errege-erreginen izenak). Orain urte batzuk, Europako hainbat erresumatako errege-erreginen izenak arautu zituan Akademiak: 180. arauan (Goi Erdi Aroko persona-izenak. Germaniar jatorriko persona-izenak), 181. arauan (Erdi Aroko persona-izenak) eta 186. arauan (Atzerriko persona-izenak. Grafia-erispideak. Errege-erreginen eta kidekoen kasua), errege-erreginen zerrenda zeheak agiri dira: Gure inguruko erresuma nagusi guztietako errege-erreginak, Aragoikoak, Frantziakoak, Gaztelakoak, Espainiakoak eta abar. Halan da be, Euskal Herriaren historian hain leku nabarmena izan eben Iruñeko eta Nafarroako Erresumako errege-erreginen izenak ez dira arau horreetan agiri, izen horreek bereiz eta zeheago landu eta plazaratu nahi baitzituan Euskaltzaindiak. Hutsune hori betetako dator arau hau. Arauak atal bi ditu: Lehenengoan, izenak emoteko erabilitako erispideak zehazten dira, baita patronimikoak emoteko erispideak (Ramiritz, Gartzeitz...). Bigarrenean, errege-erreginen zerrendea dago, ordena kronologikoan eta zenbait datu osogarri be emoten dira izenaz gan: errege-erregina bakotxaren dinastia, kronologia-zenbakia, izengoitia(k), bizialdia, erreinaldia, ezkontide(ar)en izenak, seme-alaben izenak eta errege edo erregina bakotxaren gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko izenak. Danetara, 42 errege-erregina izen dira.
Gaztelak eta Aragoik 1512an, Nafarroa inbadidu eta konkistau ondoren, Gaztelako eta Espainiako errege-erreginak izan ziran Nafarroa Garaiko errege-erregina titularrak Nafarroako Erresumea 1841ean desagertu zan arte.
Nafarroa Beherean, 1620an Nafarroako koroa Frantziako koroari atxikita geratu zan eta, ordutik, Frantziako errege-erreginen noblezia-titulua baino ez zan izan Nafarroako errege/erregina izentapena. Errege-erregina horreen guztien euskerazko izenak lehendik araututa dagoz, 186. arauan. Horregaitik, ez dira oraingo zerrendan sartu.
Zerrenda kronologiko nagusiaz gan, beste zerrenda bat dago arauan, alfabetoaren ordenan eta kronologia-zenbakia erantsita, zerrenda nagusian berehala kokatu ahal izateko.
Azkenik, gaztelania-euskera, frantsesa-euskerea eta ingelesa-euskerea zerrendak be badagoz, alfabetoaren ordenan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!