Euskadi 50 urte aurrerago bueltauko da Veneziara
2026-04-22 13:04 KultureaI Baschi alla Biennale 1976/2026 proiektuagaz.
Euskadi Veneziako Bienalera bueltauko da 2026an, arte garaikidearen nazinoarteko agertoki nagusietako batera. 1976an lehen aldiz agertu, eta berrogeita hamar urtera bueltauko da, I Baschi alla Biennale 1976/2026 proiektuagaz. Memoria eta sorkuntza garaikidea buztartzen ditu eta arteak adierazpen, askatasun eta baieztapen kolektiborako tresna lez beteten dauen zereginari buruzko hausnarketea proponiduten dau.
Imanol Pradales lehendakaria izango da maiatzaren 6tik 8ra bitartean Venezian zabalduko dan Euskadiko proposamenaren buru. Programea hiru ardatz osagarritan egituratuko da: ardatz instituzionalean, ardatz akademikoan eta ardatz artistikoan.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu dau proiektua Artium Museoan eta zehaztu dauenez, Veneziara bueltetea baliogarria izango da Euskadi nortasun propioa dauen eta mundura zabalik dagoan herrialde moderno eta sortzaile bezela kokatzeko munduan. Aurkezpenean parte hartu dabe Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Beatriz Herráez Artium Museoko zuzendariak eta Miren Vadillo Artearen Historiako doktoreak.
Bengoetxeak nabarmendu dau 1976an askatasunik bako transizinoko testuinguruan parte hartu zala eta euskal artista talde batek Veneziara herrialde baten ahotsa eroan ebala: keinu ha ez zan keinu kultural hutsa izan, askatasun, duintasun eta baieztapen kolektiboaren adierazpena be izan zan, adierazo dau.
Testuinguru horretan, Bienalak lekua egin eutson euskal artistek bultzatutako programeari, eta, pabilioi propiorik izan barik be, Venezia nazinoarteko bozgorailu bihurtu zan zinemearen, musikearen eta ikusizko arteen bitartez, Nestor Basterretxea, Fernando Larruquert, Jose Antonio Sistiaga edo Mikel Laboa lako artistek nazinoarteko eztabaidearen erdigunean kokatu baitzeben Euskal Herriko errealidade kultural eta politikoa.
Berrogeita hamar urte aurrerago, Euskadi Veneziara bueltauko da, baina oraingoan finkatutako errealidade bat oinarri hartuta, erakunde propioakaz eta kultura-sistema indartsuagaz: sasoi haretan presentzia hori erakundeen babesik barik egin zan, baina gaur herrialdeak berak bultzatzen dau proiektua, adierazo dau Bengoetxeak.
Memoria, pentsamendua eta sormena buztartzen dituan programea
I Baschi alla Biennale 1976/2026 proiektua kultura-egitatearen zenbait dimensnio egituratzen dituan diziplina anitzeko plataforma lez sortu da. Batetik, ardatz instituzionalak Scuola Grande San Giovanni Evangelista izango dau agertoki. Maiatzaren 7an lehendakaria buru izango dauen ekitaldi ofiziala egingo da bertan.
Ardatz akademikoa Veneziako Ca’ Foscari Unibersidadean egingo da, Euskadi Veneziako Bienalean, 1976: memoria etorkizunerako jardunaldiaren bidez, Biennale Sessions programearen barruan kokatzen da —Bienalaren programa akademiko ofiziala—, Etxepare Euskal Institutua eta Università Ca’ Foscari Venezia-ren arteko lankidetzeari esker. Bertan, adituek euskal arteak nazinoarteko testuinguruan izandako rola aztertuko dabe, identidadea, errepresentazinoa eta gizarte-eraldaketak lako gaiak jorratuz.
Bestalde, ardatz artistikoa Palazzo Contarini della Porta di Ferro Jauregian landuko da. Material historikoak —ikus-entzunezkoak, soinudunak eta dokumentalak— batuko dituan eta obra garaikideakaz alkarrizketan jarriko dituan azterketea landuko da, eta interpretazino barrietara edegitako artxibo bizia osotu.
Kontuak kontu, proiektuaren aurkezpena gaur goizean egin da Gasteizko Artium Museoan. Aurkezpen-ekitaldi horretan, 1976ko parte-hartze historikoagaz lotutako personak, erakundeetako ordezkariak, kultura-eragileak eta artistak batu dira.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, 1976ko Bienalean parte hartu eben Jose Maria Zabala eta Jose Angel Rebolledo artistak, baita sasoi haretako sortzaileen familiartekoak be (José Antonio Sistiaga, Néstor Basterretxea, Fernando Larruquet, Artze anaiak, Mikel Laboa, Jose Luis Zumeta) eta arlo artistiko eta akademikoko ordezkariak be. Danetara, proiektuagaz lotutako hamar bat persona izan dira aurkezpenean, ekimenaren izaera kolektiboa eta belaunaldien artekoa erakutsiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
