Gaur hasiko da ‘Kulturea eta Pentsamendua’ zikloa

Bizkaie! 2020-11-02 12:12   Kulturea

Berbaldiak zemendiaren 2, 9, 16 eta 23an egingo dira. 

Pensar (en) el fin del mundo, izenburupean, pentsamenduaren lau erreferentek euren ikuspegiak emongo ditue, gai unibersal eta nahasi bati buruzko gogoetea egitera gonbidatuteko. Hitzorduak Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, 19:00etan. Doban sartzeko, gonbidapena eskuratu behar da www.bilbaokultura.eus/bidebarrietakulturgunea webgunean. Berbaldiak streaming bidez bere jarraitu ahal izango dira, hemen.


Zemendiaren 2an, zikloko lehenengo topaketea eskainiko da: emonaldia gaur egungo eztabaida baten inguruan ibiliko da: Pensar (en) el fin del mundo izango dau izenburu.

Hitzaldiak lau astelehenez izango dira jarraian: hilaren 2, 9, 16 eta 23an. Bidebarrieta Kulturguneko hitzorduen ordua 19:00etara aurreratu da, osasun agintariek ezarritako ordu murrizketa barrietara egokituteko.

Sartu ahal izateko, derrigorrezkoa da honezkero eskuragarri dagozan dobako gonbidapen bat erresebetea, www.bilbaokultura.eus/bidebarrietakulturgunea estekan. Gaur egungo egoereak sorturiko segurtasun neurriak dirala eta, ekitaldi aretoko ateak 18:00etan idegiko dira, bertaratutakoak aulkiatan egokitu daitezan.

Bertaratzeko aukerarik ez dabenek ekitaldiak streaming bidez jarraituteko aukerea izango dabe www.kulturguneatb.eus helbidean.


Pensar (en) el fin del miedo

Patxi Lanceros filosofo eta saiogilearen ahotan: amaierarik imajinau bage ezin lanik egitea posible da —are biziteko lan neketsua bere—, prozesu guztiak osotasun edo amaiera oso lez imajinetea. Proiektu baten akabua arrakastatsutzat jo daiteke. Hondamendia bere, aurresan daiteke. Eta azken aukera ez guztiz zoriontsu hori da nagusi, munduaren amaieraz ari garenean. Mitologiatan, artean eta literaturatan, munduaren amaiereak krisi, gerra edo gaixotasun hitzaurrea izaten dau, baita logo orokorra nahiz isilunea be. Gainbehera ekonomikoa, mundu-pandemia, higadura politikoa edo larrialdi ekologikoa behin eta barriro agertzen diran sintagmak doguz, eta, beharbada, ez dabe tronpeta apokaliptikoak sintonizetako gonbitea egiten, baina gonbitea dira, dana dala, munduaren akabuan pentsetako.

Gai zabal eta unibersal honeen ganekoak, lau astelehenez jarraian, Jorge Riechmann, Jordi Ibañez, Marta Llorente eta Teresa Aguilar García pentsalariek sakonduko ditue.

Zikloa zemendiaren 2an hasiko da, astelehena, Jorge Riechman filosofo eta poetearen berbaldiagaz. Izenburua Ante la tragedia climática, necesitamos pensamientos extramuros izango dau. Riechamn, ganera, Zientzia Politikoatako doktorea da, eta Espainiako ekologista ospetsuenetako bat. 

Egitaraua

Zemendiaren 9an, Jordi Ibañezek, Bartzelonako Unibersidadeko Germaniar Filologian doktoreak eta Pompeu Fabra Unibersidadeko Humanidade Saileko Arte Teoria eta Estetika irakasleak, amaieran ikusiko dan honako premisa hau beteko dau: ezer ez da imajinau zenduan lez.

Bartzelonako Unibersidade Politeknikoan Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko arkitektoa eta Arkitektura Konposizioko irakaslea dan Marta Llorentek, zemendiaren 16an, astelehenean, Biharko uriak: hauskortasuna eta erresistentzia hitzaldia emongo dau.

Zikloa hilaren 23an amaituko da, Urrutiko Hezkuntzarako Unibersidade Nazionaleko (UNED) María Teresa Aguilar García Filosofia doktoreak eskainiko dauan Gizarte teknologiko barrian, Gorputza eta Pandemia saioagaz. 

Jorge Riechmann

Filosofoa eta poetea da, itzultzailea izateaz gan; Zientzia Politikoetan doktore esanguratsuenetako bat da, baita Estatuko ekologista garrantzitsuenetarikoa be. Filosofia irakasle dabil Madrilgo Unibersidade Autonomoan, aurretik Bartzelonako Unibersidadean ibili ostean. Liburu franko argitaratu ditu, bai saiakerak, bai poesiakoak. Lehenengoen artean, honakoak dira nabarmentzekoak: Un mundo vulnerable. Ensayos sobre ecología, ética y tecnociencia, Argumentos recombinantesSobre cultivos y alimentos transgénicos, Todo tiene un límite. Bigarrenen artean: Cántico de la erosión, Cuaderno de Berlín, Ars nesciendi, Grafitis para neandertales, Mudanza del isonauta.  

Jordi Ibáñez

Germaniar Filologian doktorea da Bartzelonako Unibersidadean, eta Estetika eta Arteen Teoriako irakaslea Pompeu Fabra Unibersidadeko Giza Zientzien departamentuan. Haren sormen-lana itzulpenagaz bateratuten dau. El País egunkariko literatura-kritikaria be bada, saiakera, poema eta elabarrien egilea izateaz gan. 

Marta Llorente

Arkitektoa eta arkitektura-konposizinoko irakaslea da Bartzelonako Unibersidade Politeknikoko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan. Lan-bilduma zabala eginikoa da, eta gai arkitektonikoak filosofiaren eta antropologiaren ikuspegitik pentsetan eta adierazoten dau bere pentsamendua. 

Teresa Aguilar García

Doktorea da Filosofian, Urrutiko Hezkuntzarako Unibersidade Nazionalean (UNED); psikologia irakaslea be bai Gaztela-Mantxako Unibersidadean (UCLM), eta Ontología del Cybor. El cuerpo en la nueva sociedad tecnológica lanaren egilea da.

Bidebarrieta Kulturgunea izen bereko liburutegiaren barruan dagoan gunea da eta bere helburu nagosia liburua nahiz literaturea lantzea eta sustatzea da.

Ziklo hau #BilbaoUdazkena2020 ekimenaren parte da, Bilboko Udalaren proposamenez sortua.

#BilbaoUdazkena2020 Bilboko Udalak kultura-sektorea bultzatuteko eta hari eskua emoteko egindako apustua da COVID-19 krisiak gehien eragiten deutson sektoreetako bat dala jakinik. BilbaoUdazkena2020ko programazino osoak zorrotz jarraituko ditu osasun-agintariek ezarritako protokoloak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu