Louise Glück-en 'The Wild Iris' poema-liburua itzultzea da erronkea

Bizkaie! 2020-10-30 08:13   Kulturea

Hemen da Jokin Zaitegi Saria, Literatura Nobel Sariak euskeratzeko bekea. 

Elkar argitaletxeak eta Arrasateko AED Alkarteak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren bbesari esker, urtero atontzen dabe Jokin Zaitegi itzulpen saria, urte horretako Literaturako Nobel saria irabazi dauen idazlearen obra bat euskeratzeko. Aurten Louise Glück poeta estadubatuarrari emon jako Nobel saria eta orain haren The Wild Iris poema-liburua euskeratuko dauen itzultzailea topetako ipini da martxan Zaitegi saria. Hemen konsultau daitekez oinarriak:


– 2020an, Suedako Akademiak Louise Glück poeta estadubatuarrari emon deutso Nobel Saria eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren The Wild Iris poema-liburua itzultzea da.

– Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edozeinek hartu leike parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proponidutako lagina euskeratu beharko dau eta egindako lana AED Alkartera biadui: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi bialdu behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen bategaz sinatua; bestean, ezizen horren ostean dagoan itzultzailea nor dan azalduko da, hartu-emonetan jarteko moduagaz batera. Lanak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 20ko gauerdian amaituko da.

– Itzuli beharreko testua antolatzaileek jarriko dabe parte-hartzaileen esku:

Glück (.pdf)

– Itziar Diez de Ultzurrunek, Peru Iparragirrek eta Nagore Tolosak osotutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta horreetako bat izentauko dau irabazle 2021eko urtarrilaren 15ean beranduenez.

– Aurkeztutako lanek nahikoa kalidaderik ez balebe, saria hutsik itxi ahal izango da. Kasu horretan, antolatzaileek aukerea izango leukie itzulpen hori enkarguz bateren bati eskatzeko, sariketako diru-kopuruaren truke.

– Irabazleak 1.500 euroko saria irabaziko dau The Wild Iris itzultzeko; diruren erdia jakinarazpena egitean jasoko dau eta beste erdia lan amaitua entregau ostean. Lan amaitua 2021eko irailaren 31 baino lehen entregau beharko dau Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira edo itzulpenaren kalidadea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren eretxiz), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko leuke irabazleak.

– Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko dau Louise Glück-en lana euskeraz, eta 2021eko Durangoko Azokea izango da hori egiteko epemugea. Ale guztietan nabarmen aitatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena be eta horrek ez dau galduko bere lanaren gaineko jaubetzea.

– Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat emotea dakar. Berauen ulermenean dudarik sortuko balitz, antolatzaileei jagoke erabagitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu