Atalak Sareak Nafarroako Jantza Garaikidearen Jaialdian estreinauko dau #56 ikuskizuna

Bizkaie! 2020-10-29 09:39   Kulturea

Urriaren 31n, 19:00etan, Baluarteko Camara aretoa izango da Jantzazen ikuskizunaren testigu.

Atalak Sarearen (Sorkuntza Koreografikorako Mugaz Haraindiko Sarea) programa barria da #56 eta Sorkuntza Koreografikorako Nazinoarteko Zentrotik ekarritako hiru pieza dira; Sade Mamedova (Errusia), Vita Osojnik (Eslovenia) eta Martin Harriague (Frantzia) sortzaileek egindakoak dira. Azken pieza hau Atalak programan sortu zan.

Datorren zapatuan, urriaren 31n, arratsaldeko 19:00etan, Baluarteko Cámara aretoak hartuko dau 10 jantzarik oholtzaratuko daben ikuskizun barritzaile hau. #56 obran jantza garaikideaz gozetea ahalbidetzen daben publiko guztiei zuzendutako hiru sorkuntza dira.

Nafarroako Jantza Garaikidearen Jaialdiak (DNA), Atalak Sareagaz alkarlanean, sorkuntza koreografikoaren sustapena egiten jarraituko dau Nafarroan eta Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean. DNA jaialdiak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako programa artistikoak, jantza garaikidea eta mobimentuaren arteak sustatzea dau helburu. Esangura horretan, udagoienean, Atalak Sareagaz alkarlanean ekintzak bideratuko ditu: Laida Aldaz koreografoaren egonaldia eta aurkezpena, Denis Santacanaren esperimentazino laborategiaren gorabeherak eta #56 ikuskizunaren aurkezpena Baluarten.


#56

#56 programea nazinoarteko hiru sortzaileek Jantzazegaz sortutako hiru koreografia dira; Sade Mamedovaren Thirty, Vita Osojniken Hombre Masa eta Martin Harriaguen Walls.

Thirty poesiaz eta goxotasunez betetako sorkuntzea da; emozinoz eta abstrakzinoz betea. Hombre
Masa, barriz, pieza korala da eta taldeak zein norbanakoek dabe garrantzia osoa. Azkenik, Walls,
munduaz eta egungo gizarteaz egiten dan hausnarketea da, azaldu dabe Atalak Sarekoek.


Atalak Euroeskualdeko sorkuntza koreografikorako sustapena

Jantzaz buru dauen mugaz haragoko proiektuaren bazkide nagusiak CCN Malandain-Ballet Biarritz, Baluarte Fundazinoa, Tabakalera, Gipuzkoako Jantzagunea eta Vitoria-Gasteizko Antzerki Sarea dira.

Urtez urte kolaboratzaile sare handiagoa ehuntzen doa: Jantzerti-Euskadiko Goi Mailako Konserbatorioa, Maurice Ravel Baiona-Biarritzeko Konserbatorioa, Jose Uruñuela Vitoria-Gasteizko Konserbatorioa, SGAE Fundazinoa, La Fundición eta Azala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu