Kultur sektorearen profesionalizazinoa eta euskeraz jakitea eta erabilerea indartzea dira helburuak

Bizkaie! 2020-10-29 08:28   Kulturea

Kultur beharginen estatutua proponidu dau Eusko Jaurlaritzeak.

Kultura, Euskera eta Kirol arloetako politikak gaur egungo egoerea gainditzeko eta 2030eko Euskadi eregiteko behar dirala azaldu dau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak; euskerearentzat esparru formalean zein ez formalean eremu barriak irabazi behar dirala azpimarratu dau bere agerraldian, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskera eta Kirol Batzordean datozen lau urteotarako bere Sailak finkatu dituan erronka eta helburu nagusiak azaltzeko.

Zupiriak nabarmendu dau Kultura eta Hizkuntza Politika sailak ahalegina egin dauela martitik hona beste herri erakundeakaz batera behar egiten eta kultura, hizkuntza politika eta kirola posible egiten daben era guztietako eragileakaz hartu-emonetan egoten, egoerearen azterketea egin eta posible izan dan kasuetan neurri aringarriak edo lagungarriak eskaintzeko helburuz. Halan da be, gaineratu dauenez, akatsa litzateke kulturea, euskerea eta kirol arloetako politikak egungo errealidadera mugatzea, ezin deutsagu uko egin kultura, euskera eta kirol arloetan 2030eko Euskadi eregiteko bideari.

Bingen Zupiriagaz batera Eusko Legebiltzarrean izan dira Andoni Iturbe Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politika Sailburuordea, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia.

Alkarlana eta lankidetzea dira, Zupiriak azaldu dauenez, sailaren konpromiso nagusienak. Lankidetzea gobernu barruan, herri-erakundeakaz, Foru Aldundiakaz eta udalakaz, baita sektoreagaz eta eragileakaz be. Holan, elkarrizketarako eta akordiorako konpromisoa eskartu deutse Legebiltzarreko alderdiei.


Kulturea

Eusko Legebiltzarreko agerraldian, kultura politikei jagokenean, Kulturea 2019-2022 planera batutako bost konpromiso nagusi azpimarratu ditu Bingen Zupiriak:

Kultur sortzaile eta produktoreakazko konpromisoa: sortzaile, artista eta profesionalei laguntzea eskaintzen jarraitzeko eta laguntzok beharrizan barrietara egokitzeko, batez be, lan baldintzen hobekuntzea eta sektorearen profesionalizazinoa izango dira helburu, Euskadiko kultur arloko profesioen estatutu propio bat sortuz.

Euskadin kultur eskaintzearen iraunkortasuna bermatzeko eta barriro be egoereak ahalbidetzen dauenean, indartzeko konpromisoa: Euskadi kalidadezko kulturea eskaintzen dan eremu geografiko erreferente lez sendotu eta indartzea, nazinoartera begira eta bertako herritarrei begira. Horretarako Artearen Euskal Sistemea eratzea da helburuetako bat, arte garaikidea Euskadin lantzen daben eragile guztien lankidetzea antolatzeko asmoz.

Kultur ondarea babestea eta balioan jarteko konpromisoa: Memoria Bizia eregitea, herri lez, gure iraganaren memoria jagon eta etorkizunean dauen eragina aintzat hartzeko. Industria-ondarea berreskuratzea eta haren balioa nabarmentzea eta Euskadiko Industria Ondarearen Zentro barriaren proiektuari behin betiko bultzadea emotea.

Kultura eta Sormen Industriei (KSI) bultzada berezia emoteko konpromisoa: Basque District of Culture and Creativity izeneko tresnea bultzatzea. Kultur eta Sormen Industrien Euskal Barruti horrek baliabideak eskainiko ddeutsee enpresei, programak eta zerbitzuak, enpresa bezela indartu daitezen, antolakuntzea hobetu deien, merkatuan hobeto koka daitezan, nazinoartekotu daitezen.

Euskal Kulturearen Atari Digitala, Euskariana, martxan jarteko konpromisoa: Liburutegi Nazional Digital baten eredu barritzailea jendartearen eskura jartea, erabilgarri egotea eta garatzen jarraitzea. Plataforma honetan batuko dira euskal kulturearen alor guztietako erreferentziak eta informazinoak. Gure kultur sorkuntzea eta ondarearen topagune, informazino iturri eta erakusleiho digital nagusia izango da eta oinarrizko lanabes bat be bai, euskal kulturearen digitalizazinoan eta ikusgarritasun digitalean.

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea handitzen jarraitzea, Irakurketea Sustatzeko Euskal Plana zehaztu eta onartzea edo eta e-liburutegia jorratzen jarraitzea be badira, Zupiriak azaldu dauenez, bere sailaren erronkak legealdi barriari begira. Horrezaz gan, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu dauenez, lortu behar dogu gure gizarteak ikustea eta baloretea kultureak herri honen garapenari eta herritasunari egiten deutson ekarpen handiaz gan, enpleguari eta barruko produktu gordinari be egiten deutson ekarpena. Hori be izango da lantalde honen konpromiso sendoetako bat.


Etxepare Institutoa

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren barruan dagoan Etxepare Institutua be izan dau aztergai Bingen Zupiriak Legebiltzarrean. 10 urte beteko dira aurten Etxepare Institutua sortu ebenetik eta euskerea eta euskal kulturea munduratzen egin dituan aurrerapenak azpimarratu ditu Zupiriak eta sailaren konpromisoa euskerearen eta euskal kulturearen nazinoarteko presentzia indartzea dala adierazo dau. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarentzat euskereari, kultureari eta sortzaileei ateak zabaltzeaz gan, Institutua bera kultur diplomaziarako tresna bat da, giltzarri da munduko beste hizkuntza eta kultura institutuakazko eta erakundeakazko hartu-emonetan, nazinoarteko foro eta alkarrizketa guneetara Euskadiren ahotsa eroanez eta gure kulturea eta hizkuntzea ikusarazoz.


Hizkuntza Politikea

Eusko Legebiltzarrean egin dauen agerraldian Bingen Zupiriak adierazo dau euskerearen ezagutzan eta erabileran aurrera egitea Herri-helburua dala Eusko Jaurlaritzarentzat legealdi honetan be: Euskerearen erronkei ezin deutse Jaurlaritzeak bakarrik erantzun; gizarte osoaren bultzadea behar dau: Euskal Herriko gainontzeko herri-erakundeen eta herritarren ordezkariena, euskalgintzearena, norbanakoena adierazo dau. Horretarako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak hiru konpromiso nagusi dituala azaldu dau: Batetik, euskerearen ezagutzea eta erabilerea indartzea. Bigarrenik, hizkuntza eskubideak bermatzea. Eta hirugarrenik, euskerearen lurralde guztietan erakunde arteko lankidetzea indartzea euskerearen geografia osoan euskereak aurrera egin daian. Konpromiso guztiak erronka zabal batek zeharkatzen dituala azpimarratu dau Zupiriak: “euskerearen prestigio soziala hobetzeko diskursoak eregitea.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauenez, Euskerearen eta gaztelaniaren arteko arrakala eta desorekarik bako gizartea irudikatzen dogu guk, ume, gazte zein helduek normaltasunez ulertu, jakin eta erabiliko dituen Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial biak, edozein eremutan edo momentutan. Gaineratu dauenez, horrek gobernantza zabala eta konpartidutakoa eskatzen dau, erakundeon lankidetzearen arloan, alderdi politikoen adostasunei jagokenez; euskalgintzearen aurrean; eta gizarte osoagaz, alkarri eskua emonda egin beharreko bidea dalako euskerearena. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarentzat gizarteak euskerea lagun eta bidelagun sentidu behar dau. Zupiriak iragarri dauenez, legealdi honetan, matrikulazinoaren dobakotasuna ezarriko da C1 maila egiaztatzen daben 16 eta 30 urte bitarteko ikasleentzat. Horrezaz gan, “gazte zein heldu, eremu barriak irabazi behar ditugu euskerearentzat, bai esparru formalean, zein ez-formalean: lan munduan, aisialdian, gizarte-hedabideetan, ingurune digitalean eta hizkuntza teknologietan, kirol jardueran, familian, hezkuntza-sisteman edota kultur sorkuntzan eta eskaintzan”. Horreek indartzen jarraitzea dago sailaren legealdiko helburu nagusien artean arreta berezia jarriz eremu sozioekonomikoan eta ingurune digitalean. Hori dala eta, batetik Euskerea Eremu Sozioekonomikoan Normalizetako 2020-2023 Plan Estrategikoa lantzen jarraituko dau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak, beti be, erakunde eta eragileakaz lankidetzan. Eta bestetik dagoeneko lantzen dabizen Hizkuntza Teknologia Planari bultzadea emongo deutso sailak.


EITB

EiTBren zerbitzu publikoaren izakera eustearen eta bermatzearen eta komunikazino pluralerako eta hizkuntzearen normalizazinorako bitartekoa izatearen alde be egin dau Bingen Zupiriak. EITBk gizarte osoarentzat erreferentzia izaten jarraitu behar dauela gaineratu dau. Legebiltzarreko agerraldia ia zortzi urtean EITBko zuzendari nagusi izan dan Maite Iturberen lana eskertzeko erabili dau Bingen Zupiriak eta gogoratu dau Eusko Legebiltzarrak bere izendapena onesten dauenean Andoni Aldekoak hartuko dauela Iturberen lekukoa.


Jarduera fisikoa eta kirola

Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritzari jagokozan lau konpromiso nagusiak aitatuz amaitu dau bere agerraldia Bingen Zupiriak:

Euskadi Europako gizarte aktiboenen artean kokatzea: Jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzen jarraitzeko kirol-txartel bakarraren eredua zabaltzea eta Mugiment proiektua bultzatzea.

Euskal kirol-sistemea etorkizuneko erronketara egokitzea eta bere antolaketa hobetzea: Covid-19aren ondorioek gogor astindutako jarduera fisikoaren eta kirolaren sektorea berpiztea, euskal federazino-sistemea berrantolatzea eta Kirol arloko Lanbideetan Sartzeari eta Jarduteari buruzko Legea sustatzea, Jarduera fisikoaren eta kirolaren legea barritzea eta Dopinaren kontrako Legea eguneratzea.

Kirolak gizarteari egin leikiozan bestelako ekarpenak: Jarduera fisikoak eta kirolak genero bardintasunean, gizarte kohesinoan eta integrazinoan eta euskerearen sustapenean eragin leike eta ikuspegi horregaz egingo dau lan sailak, besteak beste, kirol arloan emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta ikusarazoteko programak indartu dira, kirol inklusiboa eta egokitua laguntzen jarraituko da eta kirola eta jarduera fisikoa euskereagaz buztargarriak dirala erakusten jarraituko da.

Kirolaren potentziala Euskadi nazinoartekotzeko tresna lez, besteak beste, Basque Team Fundazinoaren jarduerea indartzea erreferentziazko tresna lez gure eliteko kirolarientzat nazinoarteko lehiaketetan parte hartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu