Literatur Amuak Ondarroan

Bizkaie! 2020-10-28 13:42   Kulturea

Herritarrek literaturaz eta oro har kulturaz gozetea da helburua.



Ondarroako Udala
k 2020ko Literatur Amuak atondu dau. Urteetan egutegian finkatzen doan jaialdiak aurten be lekua behar ebaka jaubetuta, literatura, sormena, jantzak, bertsolaritzea, musikea eta zinemea buztartuko ditue. Ekitaldiak Kofradia Zaharrean, Beikozinin, Bide Onera zineman eta Kalare Deuna kofradiako areto nagusian izango dira ekitaldiak.

Andoni Gartzia ondarrutarrak egin du 2020ko kartela.

Egitarau xumea baina kalidadekoa dakargu, esan dau Arantza Atxurra Aranguren euskera zinegotziak. Argi geunkan kultureak eta literatureak bere espazioa izaten jarraitu behar dabela eta erakutsiko dogu barriro be kulturea segurua dala. Izen propioez eta eskaintzaz berba egiten hasi baino lehen, Augustin Zubikarai Nobela Beka lehiaketako epaimahaikide biren lana azpimarratu nahi izan dau Euskera batzordeburuak: Ana Urkiza eta Leire Bilbao urteetan dabiz geugaz alkarlanean, biak dira herritarrak, emakumeak eta proiekzino ikaragarrikoak. Ana, Eusko Ikaskuntzako lehendakari izentau barri dabe eta Leirek Zarauzko Literaturia Jaialdian merezidutako omenaldia jaso dau. Horrek urteetan egindako lanaren autortzaz gan, Augustin Zubikarai lako lehiaketa bateko epaimahaikideen mailea be zelakoa dan erakusten dau.

Kontuak kontu, ekitaldi guztietarako beharko dira sarrerak edo gonbidapenak, aforoa kontrolau ahal izateko. Aste honetan ipiniko dira guztiak eskuragarri Turismo Bulegoan. Segurtasun neurri guztiak betez egingo dira: aforoari, tenperatureari, eskuak garbitzeari zein segurtasun tarteei erreparauta.

Herritarrek hainbeste espero dituen kontzertuei be tarte bat egitea erabagi da eta segurtasun neurri guztiak betez Izaki Gardenak taldeak joko dau Beikozinin urriaren 30ean; Dena oskol lanaren bira amaierako kontzertuetako bat izango da.

Urriaren 31n, 10:00etan, Euskadi Literatur Saria irabazi barri dauen Karmele Jaioren Aitaren Etxea nobelea aztertuko dabe Liburuen Amuak irakurle taldekoek, Joxemari Urteagaren gidaritzapean (gonbidapena behar da). Idazlea bera be bertaratuko da.

Aurtengo barritasuna euskal herrietako istorio gaiztoak saioa izango da, urriaren 31an egingo dan Arimen Gauagaz lotura zuzena dauena. Juan Kruz Igerabide idazleak saio bi eskainiko ditu 7 urtetik gorako umeentzat; 12:30ean lehenengoa eta 18:30ean bigarrena, Kofradia Zaharrean. Egun berean, baina 20:30ean Bide Onera zineman, Gorria ikuskizuna eskainiko dabe Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta ‘La Pulga’ flamenko jantzariak, Kolore gorria ardatz hartuta bizitzea, heriotzea, maitasuna eta beste gai batzuk jorratuko ditue bakotxak bere ikuspuntutik.

Zemendiaren 1ean, Hil kanpaiak izango da protagonista. Donostiako Nazinoarteko Zinemaldian aurkeztu ondoren dator Ondarroara aurrestreinaldi hau. Augustin Zubikarai nobela beka saria irabazi eban Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrak 2015ean, 33 ezkil lanari esker eta Imanol Rayo zinema zuzendariak, liburua oinarri hartuta, Hil kanpaiak izeneko filma egin dau. Aktore lanetan, besteak beste, Itziar Ituño, Yon Gonzalez, Eneko Sagardoy eta Kandido Uranga ibili dira. Baserri bateko lurretan zenbait hazur agertzen dira eta hortik abiatuko da suspensez betetako istorioa: Ondarroako sariketarako sortu eta barriro be herrira bueltan datorren haria da hau. Guretzat ohorea da herrian sortutako lan batetik eratorritako beste lan bat barriro be herrira bueltetea, zeozelan zirkulu bat zarratzen dala esango geunke. Guretzat oso garrantzitsua zan estreinaldi hau ekartea.

Augustin Zubikarai sariei jagokenez, aurten be IX. Ipuin Rallya, IX. Nanoipuin Lehiaketea eta Nobela Beka sarien aurkeztuko dira; Idoia Garzesek igazko bekeagaz egindako Mendiko gaitza liburua aurkeztuko dau lehenengo eta, ondoren, Xabier Mendigurenek zuzenduta aurtengo beka proiektuaren irabazlea aurkeztuko da. Nanoipuin lehiaketan izena emoteko epea urriaren 15ean amaitu da. Ipuin Rallyko lanak, ostera, urriaren 8an idatzi zituen herriko ikastetxeetako ikasleek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu