Open House Bilbao Jaialdiak 2.450 bisita izan ditu

Bizkaie! 2020-10-27 10:44   Kulturea

Open House Bilbaoren lehenengo edizinoa 2017an egin zan.

Open House Bilbao Nazionarteko Jaialdia sendotu egin da urian, osasun-krisia bizi dogun arren. Joan den astegoienean arkitektureari eta urigintzeari buruzko laugarren ekitaldia egin da eta 2.400 persona baino gehiagok parte hartu dabe.

Kaleak Bizi lemapean, Open House Bilbaoren edizino honek protagonismo handia emon deutso espazio publikoari eta hainbat jarduera egin dira bertan.

Nabarmentzekoa da aurten gehien bisitautako eraikinak Bilboko Alkarte Filarmonikoa, Deustuko Sifoia eta Bilboko udaletxea izan dirala; eta interesik handiena eragin daben kaleko jarduerak Arkitekturea Nabegetan, Familientzako Tailerrak eta Itsasadarraren Espazio Publikoak Bizikletaz izan dira. 21 eraikin eta 5 espazio publiko batu ditu katalogoak eta 300 boluntariok musutruk lagundu dabe.

Bisita eta jarduera guztiak aldez aurretik izena emonda eta jagokozan osasun-neurri danakaz egin dira, ez bakarrik derrigorrezkoak, baita gomendatutakoak be. Holan, taldeek ez ditue sei persona baino gehiago izan, pilaketak ebitau dira, personen arteko gitxieneko distantzia ziurtatu da, eraikinak seinaleztatu dira –sarrerak eta urteerak- jentearen joan-etorriak bideratzeko eta higiene-neurri guztiak txertatu dira, gaur egun ezinbestekoak diranak.

Open House arkitektureari buruzko jaialdia eta aukera ederra da herritarrek beren uriari buruz gehiago ikasi deien. Ekitaldi honen bidez, arkitektuera eta urigintzea emoten dira ezagutzera.

Open House Bilbao OUT alkarteak diseinau eta atondutako jarduerea da, irabazi asmorik bako alkarte, bertokoa, uri-barritzean, arkitekturan eta herritarren parte hartzean interesa daben arkitekto gazteek eratua.

Open House nazinoarte-mailako jaialdia da, arkitektureari eta urigintzeari buruzkoa; Open House Bilbaoren lehenengo edizinoa 2017an egin zan eta jentearentzako 47 espazio edegi zituen; 2018an, barriz, 67 izan ziren espazioak (54 Bilbon eta 13 Barakaldon); 2019an, ostera, 81 (53 Bilbon eta 15 Barakaldon, eta 13 Getxon).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu