Babes Bereziko kultura-ondasun izentauko dabe Zallako Bolunburuko herrixka gotortua
2020-10-27 07:55 KultureaBurdin Aroko herrixka gotortua da Zallako Bolunburu mendian dagoana.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Jagoteko foru diputadu Elena Unzuetak eta Zallako alkate Juan Ramón Urkijok Zallako Bolunburu mendian dagoan II. Burdin Aroko herrixkearen aztarnak bisitau ditue izan be, Eusko Jaurlaritzeak Gobernu Kontseiluan onartuko dau Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortu hau Babes Bereziko Kultura-Ondasun izentetea, Gune Arkeologikoaren kategoriagaz.
Bisitan Eusko Jaurlaritzako kulturako sailburuorde Andoni Iturbek, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendari nagusi Begoña de Ibarrak eta Zallako kultura eta turismo zinegotziek, Rosana Martinezek eta Rakel Unzuetak be parte hartu dabe. Armando Llamosas Kultura eta Hizkuntza Politika saileko arkeologoak emon ditu babestuko dan eremuaren gaineko azalpenak.
Bolunburuko II. Burdin Aroko herrixkea
Zallako Bolunburu mendian, 320 metroko altueran, dagoan II. Burdin Aroko herrixka gotortuaren aztarnak 2002an baieztatu zituen lehenengoz. Zundaketa egin eta berehala basozain batek azaleko hainbat material topau eta batu zituan, batez be errota zatiak. Zallako udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen lankidetzari esker oso aurreratuta dagoz gotorlekua berreregiteko lanak, oinarri zientifikoz egindakoa.
Lekuo estrategikoan dago, tontor batean, inguruaren kontrola eta haraneko ikuspegi ezin hobea emoten deutsona. 4.000 metro kuadroko azalerea dau, horreetatik 920 metro kuadro eskas hartzen dabe etxebizitzen aztarnek. Herrixkea txikia da eta gaur egun bere perimetro osoan ikusi daiteke. Iparraldera, amildegia dau eta harresia gainontzekoan. Babes horma hau bere hegoaldeko fatxadea be bada eta guztira 153 metroko luzerea dau. Gaur egun metro biko altueraraino ikusi daiteke. Halan da be, jatorrizko harresiak 4 metroko altuerea be izango ebala uste dabe adituek. Harresiaren inguruan eta paraleloan 2,5 metroko hobia be badau. Obrea hareharriz egindakoa da. Ekialdean dauen sarrera monumentala da bertara sartzeko bide bakarra. Inguruan, amildegian, dagoan harrobi batetik atara zituen, itxura guztien arabera, harresia eregiteko harriak.
Kantauriar kastroen antzeko okupazino-eredua dau herrixkeak: terraza estu bat etxebizitzakaz batera dagoan harresiagazlo paraleloan, zenbait gorabehera topografiko eta kulturaletara egokitua. Halan da be, Ebrotik hurragoko eredu kultural protourbanoetako zenbait ezaugarri be baditu gotorlekuak.
Esparruaren barruan bizitokien egiturak identifiketako aukerea emoten daben aztarnak dagoz, egurra eta bergamazoa lako material galkorrez egindakoak. Etxebizitzak egin aurretik ingurua egokitu behar izan eben eta terraza bat sortu. Gainean eregi zituen etxebizitzak. Danetara, etxe lerro bi atzemon daitekez. Bolunburun.
Arkeologoen ustetan K.a. IV. mendetik K.o. I. mendera egon ziran biztanleak herrixka horretan. Adituek dinoenez, 50-60 bat lagun bizi ziran bertan eta abeltzaintzan eta nekazaritzan jarduteaz gan, errotagileak izan zirala pentsau daiteke, izan be, inguruan esku errota askoren aztarnak topau ditue, segurutik bertako harrobitik ataratakoak.
Inguru natural batean dagoan herrixka hau II. Burdin Aroan altueran egindako Euskal Autonomia Erkidegoko urrienetako bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko aztarnategi arkeologiko ederrenetakoa da. Badagoz antzerako beste herrixka batzuk, askoz handiagoak, Euskal Autonomia Erkidegoan, besteak beste, Intxur (Albiztur-Tolosan), Henayo (Alegria-Dulantzin) edo Arrola (Nabarniz-Arratzun). Halan da be, Bolunburukoa oso txikia da eta horrek bestelako balio pedagogiko bat emoten deutso. Jentaurrean jarteko erraza da eta ondorioz publikoak erraz atzemon leikez Burdin Aroko elementu nagusiak: defentsakoak (harresia), urbanistikoak, ekonomikoak eta industrialak.
Babes Bereziko kultura ondarea
Eusko Jaurlaritzeak urriaren 27ko Gobernu Kontseiluan onartuko dau Zallako Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortua Babes-maila Bereziko kultura-ondasun izentetea, Gune Arkeologikoaren kategoriagaz. Holan, eremu horretan ez da baimenduko aztarnategi arkeologikoa arriskuan jarri edo hondatu leikien erabilerarik ez jarduerarik, ez bakarrik higiezinen hondakinak suntsitzeari jagokenez, ezta gordailu arkeologikoaren ordena historikoa aldatu leikien edozein jarduketa be. Beraz, baimendutako erabilerak kulturalak eta zientifikoak baino ez dira izango eta beti be, ingurua finkatu, iraunarazo edo zaharbarritzeko bideratutakoak. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailak baimendutako proiektuak izan behar dira.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zallako Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan inskribiduko dau.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Bolunburura egindako bisitan adierazoi dauenez, Eusko Jaurlaritzeak ahalegin berezia egingo dau gure ondare kulturala ikertzeko eta babesteko. Ikerketarik barik, jaso dogun ondarearen barri izan barik, gatxa da jakitea zelan jokatu behar dogun horri balioa emoteko. Ezagutza horretatik bakarrik ekin ahal izango deutsegu berreskuratze eta zaharbarritze-proiektuei. Azken helburua da herritarrek ondare hori eskuratzea, ulertzea, baloretea eta gozetea. Bolunburuko II. Burdin Aroko herrixka gotortua konserbetako egiten gagozan proiektu hau erakundeen arteko lankidetzaeren adibide ona da. Esangura horretan, Gobernu Kontseiluak proiektua Babes Bereziko Kultura Ondasun izentetea albiste ona da.
Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintza saileko foru diputatua dan Elena Unzuetak adierazoi dauenez, herrixka gotortu honen berezitasuna dala eta, Aldundia 2008tik beharrean ibili da eta, datozen urteei begira, Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa kastro honen musealizazinoa amaitzea da, Zallako Udalak eskatuta eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzaz, beharrezkoak diran indusketak eginez. Gure asmoa, beraz, ondare historiko honi balioa emoten jarraitzea da.
Bestalde, Zallako alkate Juan Ramón Urkijok azaldu dauenez, Bolunburuko herrixka gotortua Babes Bereziko kultura-ondasun izenteteak, Gune Arkeologikoaren kategoriagaz, kokagune horren ikerketan, konserbazinoan eta sustapenean sakontzen jarraitzeko balioko deusku.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!