Miriam Urkia eta Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiaren Zuzendaritzan dira

Bizkaie! 2020-10-26 07:50   Kulturea

Euskaltzaindiaren Zuzendaritza barriak euskerearen lurralde guztiak hartuko ditu.


Roberto González de Viñaspre

Donostiako Luis Villasante Euskerearen Ikergunean egindako Osoko bilkuran, Zuzendaritzea barritu dau Euskaltzaindiak: Andres Urrutiak Akademiaren buru izaten jarraituko dau eta bere ondoan izango dira Jean-Baptiste Coyos (buruordea), Adolfo Arejita (idazkaria), Roberto González de Viñaspre (diruzaina), Miriam Urkia (Iker sailburua) eta Sagrario Aleman (Jagon sailburua) euskaltzain osoak.

Honenbestez, Euskaltzaindiaren Zuzendaritza barriak euskerearen lurralde guztiak hartuko ditu.

Kontuak kontu, Zuzendaritzara orain arte ibili ez diran kide barri bi batu dira (Miriam Urkia eta Roberto González de Viñaspre) eta beste bi kidek itxiko dabe Akademiaren artezkaritza organoa, hain zuzen be, Xarles Videgainek eta Xabier Kintanak.


Roberto González de Viñaspre

Bilbon jaio zan, 1961. urtean baina Araban, Trebiñun bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologiako lizentziaduna da Deustuko Unibersidadean eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa da, hizkuntzearen normalizazinoaren arloan. Euskaltzain urgazle izentau eben 2015ean eta euskaltzain oso 2018an, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da eta Onomastika batzordearen buru, 2018ko urtarriletik aurrera. Arabako toponimia historikoa da gehien landu dauen ikerketa esparrua eta arreta bereziagaz aztertu dau Trebiñukoa. Aurrerantzean, Akademiaren diruzaina izango da.


Miriam Urkia Gonzalez

Donostian jaio zan, 1965ean. Euskal Filologiako doktorea (EHU, 1997). Aurretik Euskal Filologiako lizentziaduna (Deustuko Unibersidadea, 1988). Lexikografia, corpusgintzea, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan arloak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta teknologiei lotutako lan lexikografikoakaz batera, Euskaltzaindiari lotutako lanetan dabil. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain oso 2018tik, Akademiaren Gipuzkoako ordezkaria da 2017tik. Aurrerantzean Jagon sailaren ardurea hartuko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu