Jazmin Stuart zuzendari eta aktore argentinarrak irabazi dau sari nagusia

Bizkaie! 2020-10-26 08:10   Zinemea

Cartas a mi ex websailagaitik irabazi dau saria.


Jazmin Stuart

Seriesland
, Bilbon egiten dan Nazinoarteko Websailen VI. Jaialdiak baditu irabazleak. Jazmin Stuart argentinar zuzendariak irabazi dau Epaimahaiaren Sari Handia showrunner kategorian; igaz sortu eben autorpen hori eta dagoeneko euskal lehiaketako garrantzitsuena bihurtu da.

Showrunner batek produkzino, gidoi eta zuzendaritza zereginak batzen ditu eta batzuetan baita aktore zereginak be; sari honek ikus-entzunezko produktuaren bultzatzaile nagusia saritu nahi dau, lehen be ospe handiko jenteak irabazia dauena, besteak beste, Woody Allenek, David Lynchek eta Martin Scorsesek eta, telebistaren alorrera etorrita, David Benioff eta D.B. Weiss bikoteak Tronuen dema sailagaitik. Serieslandek autorpen berezia egin nahi deutso figura horri websailen alorrean; beraz, showrunner onenaren saria bihurtu da lehiaketako sari nagusia.

Aurtengo saria Jazmin Stuart argentinarrarentzat izan da, Cartas a mi ex sailaren sortzailea bera, 12 minutuko zortzi kapitulugaz. Zortzi personaiak gutun bat bialtzen deutse irudi eta soinu bidez euren bikotekide ohiei eta horretan askotariko gorabeherak agertuko dira, besteak beste, amaitu bako hartu-emonak, itxaropenak, zauriak, argiuneak, hartu-emon kaltegarriak eta desafioak. Maitasunaren erradiografia bat bakardadearen aroan. Jazmin Stuart (Buenos Aires, 1976) Argentinako telebistan hasi zan aktore, 1998an, eta ordutik protagonista izan da telebistako hamabost lanetan. Zineman, barriz, dozena bat rol jokatu ditu eta 2012an egin eban lehen lana zuzendari postuan Desmadre lanagaz; horrezaz gan, zuzendaria eta protagonistea izan da zenbait antzezlanetan be.

Amour d'occasion websailak irabazi dau sailik onenaren saria. Quebeceko produkzinoa, Montrealen girotutakoa, bero kolpe batek uriko jentea zorabiatuta ixten dauenean. Saint-Henri auzoko biztanleak azalpenik ez daben zenbait jazoeren biktima izango dira. 11 minutu irauten daben zortzi sail dira, horreek be Eva Kabuya zuzendari eta gidoilariarenak. Zuzendaritzarik onenaren saria Bryan Lye kanadiarraren eskuetara joan da, The Hidden Track errusiar-britainiar lanagaitik. Sei atal dira, errusiar gazte batek Londresera egiten dauen bidaia erakusten dabenak.

Emmanuel Schwartzi gizonezko aktorerik onenarena emon deutse, Quebeceko beste lan batean jokaturiko rol nagusiagaitik (Écrivain public), eta Lander Otaolari taldeko gizonezko onenarena, Encierra a un ladrón lanean egindako rolagaitik. Emakumezko aktorerik onena Alysse Hallaliri emon deutse, Frantziako Alice in Paris websailagaitik eta taldeko emakumezkorik onena Kendra Alaura jo dabe, zati bat Bilbon fimautako AEBetako Utopia Planitia sailean egindako rolagaitik. Amour d'occasion lanak beste sari bat izan dau argazkirik onenagaitik eta The Hidden Track lanak be bigarren sari bat jaso dau, onena izan dalako fantasia/zientzia-fikzino/thriller kategorian.

Ixa aplikazino-sailak irabazi dau euskal websailik onenarena, bertikalean filmautakoa eskuko telefonoan ikusia izateko. Alemaniako Die Seriale jaialdiak be saria emon eutson haren kalidade teknikoa gainerakoena baino hobea izan dalako eta formatuaren originaltasunagaitik. Mondragon Unibersidadeko Ikus-entzunezko Komunikazino Graduko ikasle ohiek egina da, Tabakalerako Ikus-entzunezko Laborategiak emondako dirulaguntzino bati esker.

Amets atalak sariak emon deutsee beste 10 sail independenteri eta "Short Show" atalean, honako honeek saritu ditue: “El método” (Espainia) eta “Dopamine” (Frantzia), “La mancebía” laneko Cecilia Gomez andaluziar aktorea eta Australiako “Youth on strike” dokumentala.


Seriesland

Nazinoarteko websailik onenak Bilbon izaten dira erreferentziazko Jaialdian, zinemearen ohiko kanaletatik eta telebistatik kanpo sortu, errealizau eta eta banatutako ikus-entzunezko fikzinorik onena zabaltzen dabelako. Aurreko bost aldietan, Jaialdiak mundu osoko Interneteko sailetan dabizen mila sortzaile, produktore, artista eta banatzaile baino gehiago batu ditu, eta 39 herrialdetatik etorritako 800 obra baino gehiago aurkeztu dira.

Serieslandek honako erakunde hobneen babesa izan dau: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, Beaz, Bilbo Ekintza, Kultur eta Kirol Ministerioa, Zineuskadi, EIKEN klusterra, Key Group Comunicación, Laboral Kutxa, Euskotren eta Videmic.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu