Lander Garrok irabazi dau XX. Augustin Zubikarai saria

Bizkaie! 2020-10-23 12:11   Kulturea

Saria urriaren 30ean emongo jako, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

Lander Garroren nobela-proiektu batek irabazi dau Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak atontzen daben Agustin Zubikarai saria. Hogeita bederatzi lan aurkeztu dira eta horreen artean Garroren proposamena aukeratu dau Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osotutako epaimahaiak. Saria urriaren 30ean arratsaldeko 18:00etan emongo jako, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

Faith dau behin-behineko izenburua Lander Garroren proiektuak eta bertan kontetan dau Xabi Ugartek, idazlearen alter ego-ak, Bartzelonan pasetan dauen aldia, erretratugintzea ikastera joanda, hemengo giro nahasitik eta poliziaren jazarpenetik urrundu guran. Idazkera fresko eta sinisgarria, eguneroko bizitzearen taupadak idatziz jasoteko abilezia, gai jasoen eta xeheen arteko buztarketa egokia eta testuaren erritmoa nabarmentzen dira, besteak beste, eleberri-asmo honetan.


Lander Garro

1975ean jaio zan Errenterian eta Hendaian bizi da gaur egun. Orain arte, besteak beste, Orain galdera berriak ditut ipuin liburua eta Kontrarioa eta Gerra txikia nobelak idatzi ditu. Ikus-entzunezkoen munduan, barriz, erretratugintzan nabarmendu da, telebista saioen gidoi eta errealizazinoan eta zinemako zuzendaritzan be bai, azkena, Bi urte, lau hilebete eta egun bat, insumisinoari buruzko dokumentala.


XX. Augustin Zubikarai saria

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketea izan zana, 2010ean, formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zan. Ordutik, ondokoak izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituen lanak:

- Joxean Agirre, Zwei Frauen (Bi emakume).

- Itxaso Araque, Damutzen ez direnak.

- Garbiñe Ubeda, Hobe isilik.

- Garazi Kamio, Orube abandonatuak.

- Jasone Osoro: 12etan bermuta.

- Miren Gorrotxategi: 33 ezkil.

- Katixa Agirre: Amek ez dute.

- Xabier Etxeberria: Berriro itzuliko balitz.

- Eneko Barberena: Afrikanerrak.

- Idoia Garzes: Mendiko gaitza.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu