Irati Urrestarazuren ‘Albo batera utziz' ikusgai BilbaoArten
2020-10-22 12:08 KultureaEskultura eta instalazino erakusketea zemendiaren 20ra arte egongo da Urazurrutia Aretoan.
BilbaoArte Fundazinoak Irati Urestarrazu artista altsasuarraren Albo batera utziz erakusketea edegi dau; beilegia nagusi dan eskulturearen eta instalazinoaren erakusketeak zentroaren aurtengo banakako erakusketen egutegia zarratuko dau. Zentroan 2019an bekaduna izan zan Irati eta beste zazpi artistagaz batera aukeratu eben Urazurrutia Aretoan bakarka erakusteko. Albo batera utziz astelehenetik barikura ikusi ahal izango da, arratsaldetan, zemendiaren 20ra arte.
Erakusketeak azken hileotan landutako moduari egiten deutso erreferentzia, izan be, artisteak azaldu dauenez, Erretxina tolestean tensino horreek gura nituan islatu, hausteko arriskua bai baina ez neban indarrik egin gura; puntu horretan, alde batera ixten zituan, formea modu naturalean hartzeko. Urrestarazuk bere buruari eusteko kapaz diran eskulturak egiteko euskarriak eta egiturak baztertu ditu: Nik gura nebanaren eta piezek gura ebenaren arteko artikulazinoa.
Erakusketa honetan, Iratik testurak eta gardenkiak azpimarratzen ditu; obrea olana beilegi handi batek bitan banatzen dau gelea, baita piezen artean iradokitako hartu-emon sentigarri eta materikoak be. Olanak aretoa zatitu eta alde bakotxeko piezen ikuspegia baldintzatzen dau ardatz legez. Pieza eskultorikoen multzoak, poliesterrezko erretxinakaz eta akrilikoakaz landuak, hormetan edo zoru mailan dagoz.
Kolore nagusi bakarra erabiltea da Irati Urrestarazuren lanaren ohiko ezaugarrietako bat, sortzeko kapaz dan tensino eta konexinoakaitik. Tonu argiak eta hori edo beilegi distiratsu bat dira protagonista pieza lez eratzen dan erakusketa honetan.
Albo batera utziz erakusketea eta haregaz batera doan katalogoa gauzatzean, Iratik Javier Arbizu (muntaketan eta katalogoan) eta Oihane Iraguen (testuan) estudio-kideen zeregina nabarmendu dau. Sendotasuna da artisteak gehien nabarmentzen dauen ezaugarria instalazinoa bisitaukeran eta katalogoa irakurteko orduan, izan be, oinarrizko tresnea da obraz gozetako, erakusketea zelan ikusten dauen irakurleagaz konpartiduten saiatzen dalako Urrestarazu.
Irati Urrestarazu (Altsasua, 1989)
Okela Sormen Lantegiaren sortzailea da eta erakusketen komisarioa izan da 2014tik gaur arte. 2013tik hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu dau eta banakako bat be egin dau Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan (2019). Bizkaiko Foru Aldundiaren Produkzino Bekea (2017-2018), Eusko Jaurlaritzako Sormen modalidadeko diru-laguntzea (2019) eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzea (2020) jaso ditu. BilbaoArte egoitzea egin dau (2019). Nafarroako Encuentros Artista Gazteen lehen saria irabazi eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!