Arte Garaikideko Dokumentazino Zentroen topaketetan izango da Xenpelar

Bizkaie! 2020-10-22 10:36   Kulturea

Topaketearen programa osoa hemen.

Artium Museoak Arte Garaikideko Dokumentazino Zentroen Hamargarren Topaketak antolatu ditu urriaren 22 eta 23rako. Urte birik behin egiten da esperientziak eta ezagutzak trukatzeko foroa, artxiboak eta ondare-bildumak kudeatzen dituen erakunde eta profesionalentzat. Hamargarren edizino honek artxiboen eta bilduma berezien kudeaketea izango dau ardatz eta, besteak beste, Reina Sofia Museotik, Prado Museotik eta MACBAtik etorritako adituek parte hartuko dabe bertan. Artiumen ordezkariak, barriz, Museoko erakusketa eta artxibo berezien programako dokumentazinoaren kudeaketea azalduko du. Aurtengo topaketetan edukierea mugatua izango da segurtasun-arrazoiak dirala-eta, eta streaming bidez ikusi ahal izango dira saioak, Artiumen Youtubeko kanalean.

Arte Garaikideko Dokumentazino Zentroen Topaketak Artium Museoaren ekimenez sortu ziran dokumentazio-zentroek informazinoa kudeatzeko eta zabaltzeko estrategia barriei jagokenez daben eginkizuna aztertzeko eta, era berean, komunikazino-teknologiak erabiliz zentro horreen arteko lankidetza-programak bultzatzeko. Informazinoaren arloko profesionalek esperientziak trukatzeko, kudeaketa-estrategia barriei buruz hausnartzeko, eztabaidak sortzeko eta ikerketak bultzatzen lagunduko daben lankidetza-ekintzak sustatzeko esparrutzat sendotu dira topaketok.

2020an, zentro espezializatuetako dokumentu-ondarearen kudeaketea aztertzea eta museoetan, unibersidadeetan edo dokumentazino-zentroetan lantzen dabizen proiektu digitalak ezagutzea proponiduko da, zentro horreetako profesionalen artean ikaskuntza kolektiboa eta esperientzia-trukea erraztuz. Hizlarien artean dagoz, besteak beste, bertsolaritzari buruzko Xenpelar Dokumentazio Zentroko Oihana Aranburu, Prado Museoko Maria Luisa Cuenca, MACBAko Paloma Gueilburt, Reina Sofía Museoko Beatriz Fernández eta Liburutegi Nazionaleko Mar Pérez Morillo.

Elena Roserasek, Artium Museoaren Liburutegiko eta Dokumentazino Zentroko arduradunak, Museoko erakusketa-programearen dokumentazinorako eta dokumentu-artxibo berezien lanketarako kudeaketa-eredua azalduko du.


Xenpelar Dokumentazino Zentroa

Urriaren 22an eta 23an egingo da Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen X. Topaketea eta bertsolaritzearen dokumentazino egitasmoak dituan berezitasunak azalduko ditu Xenpelar Dokumentazino Zentroko koordinatzailea dan Oihana Aranburuk.

Lehen egunean, goizean, Oihana Aranburu Balerdi zentroko koordinatzaileak Bertsolaritzea, bat-bateko artea dokumentetea berbaldia eskainiko dau. Zentroaren berezitasun nagusia bertsolaritzearen inguruan sortutako informazinoa eta dokumentazinoa batzeko sistema bat antolatzea izan da eta zehetasunak emongo ditu Aranburuk, dokumentazino alorreko adituen aurrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu