Durangaldeko sortzaileek eskaintza berezia izango dabe Azokako denda birtualean

Bizkaie! 2020-10-22 08:13   Kulturea

Durangaldekoak ez diranei, saldutakoaren % 12 kobrauko jake kudeaketa eta logistika gastuakaitik.

Gerediagako kudeatzaile Arantza Atuta eta Durangaldeko Amankomunazgoaren presidente Mireia Elkoroiribe. | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangaldeko parte-hartzaileek eskaintza berezia izango dabe aurten Durangoko Azokan. Dakizuenez, salerosketa gune bakarra denda birtuala izango da webgunean eta bertan Durangaldeko sortzaileek online dendan lortzen daben diru-sarreren % 100 jasoko dabe.

Osasun-krisiak baldintzatuta, aldaketa ugari izango ditu Durangoko Azokako 55. edizinoak, besteak beste, modu zuzenean eragingo deutso salmenta guneari: aurten salerosketea online egin beharko da eta, beraz, ez da erakusmahairik egongo Landako Gunean; horreen ordez, www.durangokoazoka.eus webgunean denda birtuala sortuko da eta abenduaren 4tik 8ra kulturzaleek hamaika produktu erosi ahal izango ditue bertan. Landakon egoten diran produktuak euskal kulturearen plaza digital erraldoi horreetan batuko dira.

Gerediagaren eta Durangoko Amankomunazgoaren arteko alkarlanari esker, azken urteetan Durangaldeko argitalpenak erakusmahaia egon da Landako Gunean, eskualdeko produktuen eskaintzeagaz. Holan, aurreko edizinoetan, sortzaileek ez dabe erakusmahaiak alokatzeko beharrik izan euren produktuak saltzeko. Aurten be Durangaldeko parte-hartzaileek eskaintza berezia izango dabe Azokan, izan be, eskualdeko sortzaile, argitaletxe, diskoetxe, enpresa, banatzaile edo erakundeek saltzen dabenaren % 100 jasoko dabe (gainontzeko parte-hartzaileei, Durangaldekoak ez diranei, saldutakoaren % 12 kobrauko jake kudeaketa eta logistika gastuakaitik).

Eskaintza hau jasoteko aukerea izateko ezinbestekoa izango da helbide fiskala Durangaldean izatea: Abadiñon, Atxondon, Durangon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian edo Zaldibarren. Era berean, beharrezkoa izango da Azokako araudia betetea, hau da, produktua euskerazkoa izatea edo euskal gaiak jorratzea.

Izena emoteko gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera idatzi edo 94 681 8066 telefono zenbakira deitu beharko da, produktuaren nondik norakoak azalduz, zemendiaren 2a baino lehen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu