Museum Cemento Rezolak 'Kantujirea' atondu dau Añorgako ondarea ezagutarazoteko

Bizkaie! 2020-10-22 07:55   Kulturea

Tra Tra Tradizinoa ekimena datorren zapatuan izango da, 12:00etatik aurrera.

Kantujirea Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien eta La Basu-ren raparen eskutik ondare-intereseko bost gune lotuko ditu: Museum Cemento Rezola, Olgeta-Etxea, Añorgako frontoia, bolatokia eta Antzerki Aretoa. Espazio horreek bertsolaritzearen tradizinoak eta rap bertsoen modernidadeak
lotuko ditue.

Museum Cemento Rezola aitzindaria da industria-ondarearen dibulgazinoan eta kokatuta dagoan inguruan, Añorgako auzoan, industria-kolonia zaharra, ondare-izakera nabarmenekoa da.

Museum Cemento Rezolak liburuxka bat argitaratu dau, bost lekuen barri emoteko eta argitalpen hori museora joango diran bisitarien eskura jarriko da.

Cementos Rezola-Heidelberg Cement Group-en jaubetzakoa, eta K6 Kudeaketa Kulturala, Eusko Jaurlaritzearen babesari esker, Añorgako ondare arkitektoniko eta kulturalera bisitea antolatu dabe urriaren 31n, 12:00etan.


Museum Cemento Rezola

Museoa Luis Peña Gancheguiren estudioak egina da. Eraikinean eskolea egoan 1962tik eta bertan, ia ehun eta berrogeita hamar ikasle batu ziran, batez be, Lasartekoak eta Añorgakoak. Cementos Rezola fabrikearen 150. urteurrena ospatzeko, Añorga auzoko antxinako ikastetxeak ateak barriro zabaldu zituen industria-ondarea zabaltzen aitzindaria dan museo moderno bihurtuta. Gaur egungo eraikinak, neurri handi batean, antxinako ikastetxearen hormigoizko egiturea gorde dau.


Olgeta-Etxea

Gonzalo Echegaray arkitektoaren lana, olgeta-Etxea jaien bihotza, olgetalekua, bilera-gunea eta añorgatarren familia-etxea izan da. Antxinako jangelea eta liburutegi, taberna-egongela eta astegoienetako zinema horrek, gaur egun, añorgar guztien etxearen izakerea gordeten dau añorgarren bilera eta kultura-gune lez, fabrikako beharginen jangelea izateaz gan.


Añorgako frontoia

1949. urtean, Eduardo Torroja injineru ospetsuak eta Juan Batanerok estalki original bat eregi eben. Alkarri lotutako kono-formak zituan 5 zentimetroko hormigoizko xafla fin-fina zan. Alboko habe biek eta aurrealdeko zutabe bik eusten eben. Habe horreetako bat alboko hormatik kanpora joian eta arrabolen gainean ipinita egoan mobidu ahal izateko. 67 urtean ia ez zan aldaketarik egin frontoian. 2017an, Añorgako bizilagunek eskatuta, gaur egun ezagutzen dogun estalkiaren itxiturea eregi eben. Frontoia Añorga auzoan oraindino asko erabilitako espazioa da. Pelota-partiduak eta txapelketa profesionalez gan, pelotazaleek be jokatzen ditue euren partiduak frontoi honetan.


Bolatokia

Añorga, beti, oso lotuta egon da bola-joko tradizionalaren euskal bersino honi. Horregaitik, aspalditik, Bolatokiak bere garrantzia izan dau bertako herritarren topaleku eta apustuetarako leku lez. Cementos Rezolak Eduardo Torroja injineruari bolatoki hau eregiteko agindua emon eutson 1949an eregitakoa ordezkatzeko. Estalki arinagaitik nabarmentzen da. Estalki horrek frontoikoaren arkitektura ezaugarriak ditu.


Antzerki eta zinema-aretoa

Manuel Urcola arkitektoak 1953an eregitako eraikinak añorgarrentzako zabalik dagoan kultur jarduerarako leku bat izaten jarraitzen dau. Bertan, gaur egun, Antxon Ayestaran Kultur Etxea —Donostiako Orfeoiaren zuzendari eta Orfeoi Txikiaren sortzaile izan zan añorgarraren omenez—, Harkaitz jantza taldearen saioetarako gunea, Gorga-ren (auzoaren historiari eusteko alkartea) egoitzea zein gaztetxearen egoitzea da.


Kontuak kontu, ibilbiderako 35 plaza baino ez dagoz. Izen-emoteak 689.035.958 telefonoan edo museumstruorezola@gmail.com helbide elektronikoan egin daitekez, lekua bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu