Iker Badiola ikertzaileak 'Cangrejo de Troya' argitaratu dau
2020-10-21 10:12 KultureaMinbizia zer dan ulertzeko liburua dakar ondarroarrak.
UPV/EHUko ikertzaile eta irakasle Iker Badiolak Cangrejo de Troya. Las bases celulares y moleculares del cáncer al alcance de todos liburua argitaratu dau, gaixotasun hilgarri horren funtzionamenduaren sekretuak eta mekanismoak azaltzen dituan lana, jente guztiak ulertzeko moduan. Liburu honen bidez, prestakuntza zientifiko espezifiko bako personakana hurreratu gura ditu egileak herrialde garatuetan eragin handienetakoa dauen gaixotasunaren arrazoiak.
Cangrejo de Troya liburua zientzian sakontzen dauen testua da, holako galdera errazak azaltzeko: Zelan sortzen da minbizia? Zergaitik hilten dau? Zer da metastasia? Zergaitik aurrea hartu behar jako? Zelan ikertzen da minbizia?
Kontuan hartuta ia mundu guztiak bizi izan dauela gaixotasuna hur, minbiziaren sorrerea eta iraupena ahalbidetzen daben mekanismoak ezagutzeko interesa dauen edozeinentzako idatzi dau lan hau Badiolak eta, liburuaren hasieran, Biologiaren oinarrizko kontzeptuak azaltzen ditu, besteak beste, zelula, nukleoa edo proteinak. Era berean, gaixotasunaren oinarri zelularra lantzen dau, kontzeptu konplexuagoetan sartzeko ondoren, mutazinoak edo metastasia. Egileak teknizismorik bako hizkuntzea erabilten dau, estiloa sinplea eta eguneroko adibideak jarten ditu; holan, ulergarriagoa egiten da patologiaren mekanismo zelular eta molekularren atzean dagoan guztia.
Liburua Glyphos argitaletxeak plazaratu dau eta Ainhoa Caporossi artistearen irudiak ditu. Erositako liburu bakotxeko euro bat emongo da minbiziaren kontrako burrukarako.
Iker Badiola (Ondarroa, Bizkaia, 1978)
Euskal Herriko Unibersidadeko irakasle eta ikertzailea da, Medikuntza eta Erizaintza Fakultadean. Gibeleko metastasiaren oinarri zelularrak eta molekularrak ikertzen emon dau bere ibilbidea. Hogei bat artikulu zientifikoren eta patente baten egilea da, hiru doktorego tesi zuzendu ditu eta Histologiari buruzko lau liburu idatzi ditu, osasun arloko profesionalei zuzenduak. Badiolak egonaldiak egiten ditu Kopenhageko eta Torontoko unibersidadeetan.
INNOPROT SL enpresa bioteknologikoaren bazkide sortzailea da. 2006. urtean, ikertzaile gazte onenaren saria irabazi eban Niigatan (Japonia) egindako 13. ISCHS biltzarrean. 2019an, Galiziako Zientzien Errege Akademiak emoten dauen Ernesto Viéitez saria irabazi eban, hainbat diziplinatako ikertzaileek osotutako taldeagaz batera, tumoreen kontrako terapia kantzeagaitik. Gaur egun metastasi hepatikoaren kontrako terapia barriak lortzeko lanean dabil Signaling Lab taldean. Horrezaz gan, zientzia dibulgazinoan dabizen hainbat erakunderen ohiko kolaboratzailea da, berbarako, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedran eta Zientziaren Giltzak alkartean.
Liburuaren aurkezpena
Gaur, urriak 21, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Bidebarrietako Liburutegira ezin diranentzat hurreratu, zuzenean jarraitu hemen.
Iker Badiolak alboan izango ditu Isabela Díaz de Cocuera, Galdakaoko Ospitaleko Onkologia Medikoko Zerbitzuko doktorea eta Gabriel Otalora, Minbizizaren Kontrako Espainiako Alkartearen (AECC) Bizkaiko kudeatzailea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!