Gau Baltza - Arimen Gaua Euskal Herrian

Bizkaie! 2020-10-21 09:30   Kulturea

Sopelan, Arimen Gaua, urriaren 30etik zemendiaren 1era.

Euskaltzaleen Topagunea berreskuratzen hasia zan Gau Baltza edo Arimen Gaua herririk herri eta, esangura horretan, helburuei eutsi deutsee aurten be: urriaren 31ko gauaren bueltan egiten dan ospakizun honek gure lurragaz dauen loturea ezagutarazo eta komunidade osoarentzako jai barri bat sortzeko lanean ekarpena egin, hain zuzen be.

2020. urtea berezia bada be, aurten eta datozen udagoienetan be jaia Euskal Herri osoan, herriz-herri zabaltzeko proposamena luzatu gura dau Topaguneak. Horretarako, igaz sortutako baliabideez gan, berriak sortu eta guztien eskuragarri jarri ditue hemen

Igaz bikoiztu egin zan Gau Baltza antolatzen dauen herri kopurua eta aurten biderkatu egin gura ditueu igaz piztutako kalabazak. Egoera aldrebes honetara moldatuta ospatu daiteke Gau Baltza; herri, auzo, familia, lagun talde, bizilagunen artean piztu daiteke Arimen Gaua eta iluntasuna bizi.



Sopelan, Arimen Gaua, urriaren 30etik zemendiaren 1era

Santu Guztien bezperea dala eta, edade guztietako lagunentzat atondutako makinatxu bat jarduera dakarz Sopelako Udalak, besteak beste, kale antzerkia, umeentzako tailerrak eta film baten proiekzinoa.

Urriaren 30ean, 21:00etan, Psike nagusientzako kale antzerkia izango da udaletxeko Plazan, Markeliñe konpainiaren eskutik. Gonbidapenak Kurtzio Kultur Etxean egongo dira eskuragarri urriaren 20tik aurrera.

Urriaren 31n, zapatuan, umeentzako tailerrak atondu ditue udaletxeko Plazan. Goizeko 11:00ak eta 14:00ak artean, 3 eta 6 urtera arteko umeek hartuko dabe parte eta 17:00ak eta 20:00ak artean, barriz, 7 eta 12ra artekoek. Kasu honetan be gonbidapenak Kurtzio Kultur Etxean egongo dira eskuragarri urriaren 20tik aurrera.

Azkenik, domekan, zemendiaren 1ean, arratsaldeko 18:00etan, Horman erlojua dauen etxea filma proiektauko dabe Kurtzio Kultur Etxean. Mozorrotuta doazenek, gainera, saria izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu