Gure aitita-amamen eskolei buruzko erakusketea zabalik Berrizen
2020-10-21 08:35 KultureaZemendiaren 1era arte egongo da zabalik, Berrizko Kultur Etxearen ordutegian.
Hezkuntza eta Ondarea izenburupean Ondarearen Europako Jardunaldietan Berrizen lehengo eskola zaharren erakusketea atondu dau Gerediagak.
Sei paneletan, auzo eskoletatik Estaduak kudeatzen zituan ikastetxeetara (Eskola Nazionaletara), hezkuntza arloan izan zan bilakaerea ezagutzeko aukerea dago. Panelez aparte, hiru bitrinatan, sasoi bateko liburu, koaderno, kartila eta bestelako materiala dago erakusgai.
Erakusketarako materiala honako honeek itxi dabe: Alicia Arrona, Jon Irazabal, Esther Garcia, Rikardo Ajuria, Iñaki Aldekoa-Otalora, Txelu Angoitia, Eduardo Briñas, Bego Garcia, Valentin Mugarza, Jesus San Vicente, Jose Antonio Azkorbebeitia, Durangoko Museoa eta EHU-UPV.
Erakusketea zemendiaren 1era arte zabalik egongo da, Berrizko Kultur Etxearen ordutegian. Eta erakusketearen osogarri, urriaren 25ean, 12:00etan, barriketaldi berezia izango da: Xabier Amurizak eta Fermin Barcelok eskola garaikoak gogoratuko ditue. Kultur Etxera hurreratzen danak be parte hartzeko aukerea izango dau. Ordubeteko iraupena aurreikusten da.
Barriketaldian aforoa kontrolau ahal izateko, aldez aurretik izena emotea beharrezkoa da: ejardunaldiak@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 673005981 telefono zenbakira deituta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!